}

Odol-hodiek arearen sorreran duten eragina

2001/10/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia


Hainbat herrialdetan enbrioi-zelulen erabilera onartu eta gutxira, organogenesian lagun dezakeen aurkikuntza garrantzitsua argitaratu da.

Zelula enbrionarioetatik abiatuta organo osoak lortzea da zientzialari askoren helburua. Horrek kaltetutako organoen ordezkapena ahalbidetuko luke, baina nork bere zeluletatik abiatuta lortutako organoekin. Hala ere, beharrezkoa da zelulek enbrioiean beren burua nola definitzen duten jakitea, eta odol-hodiek zeresan handia izan dezaketela ikusi dute adituek.

Aski jakina da odol-hodiek, sostengu metabolikoa eskainiz, elikagaiak eta oxigenoa emanez eta hondakinak kanporatuz batez ere, organoen mantenuan parte hartzen dutela. Baina azken ikerketahorren arabera, odolak bestelako laguntza ere ematen du. Pankrea edo arearen organogenesian, adibidez, garapenerako beharrezkoak diren konposatuak ematen ditu. Hala balitz, organoa eratuko duten zelulek berek duten informazio genetiko zehatzaz gain, odoletik etortzen zaizkion hainbat substantziaren beharra lukete. Izatez, odol-hodiekin etengabeko harreman zuzena daukate hasiera-hasieratik.

Douglas Melton ikertzailearen esanetan, area sorraraziko duten zelulak isolatuta jartzen dituztenean, hainbat eguneko hazkuntzaren ostean, hodi baten moduko egitura sortzen hasten da, baina inolaz ere ez da diferentziazio pankreatikoaren arrastorik azaltzen –ez du intsulinarik sortzen–. Baina kultiboa aortaren endotelioko zelulekin batera jartzen dutenean, intsulinaren sintesia gertatzen da. Hori organogenesia gertatu den seinale da, soilik area helduek sor baitezakete intsulina.

Organoen eta odol-hodien arteko kontaktua nola mantentzen den ikertu dute aipatutako zientzialariek, eta odol-hodien garapena bera area garatzen ari den ehunetan sortzen den hazkuntza-faktoreen menpe dagoela ikusi dute. Hau da, bien garapena ahalbidetuko duen informazio kimikoa elkartrukatzen dute. Hori izan daiteke garatzen ari den areak odol-hodia erakartzeko erabiltzen duen bidea.

Melton-ek adierazi duen bezala, ehunen eta odol-hodien arteko konposatu kimikoen elkar-trukaketa izan daiteke ornodunen organogenesian erabiltzen den mekanismo orokorra. Hori jakiteak, noski, aurrerantzean enbrioi-zeluletatik abiatuta organoak eratzeko teknika berriak garatzen lagun dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia