Odisearen amaiera zoriontsua

2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez zen ustekabekorik gertatu, eta aurrez uste zen bezala, Mars Odyssey zunda urriaren 23an arazo barik jarri zen Marteren orbitan. Orbitan jarrita, zundak laster ekin zion lanari eta urriaren 28rako dagoeneko Marteko hego-hemisferioko argazkiak bidaltzen hasia zen. Sartu zenean, Mars Odyssey zunda 18 ordu eta 36 minutuko orbita eliptikoan jarri zen eta aerobraking teknika erabilita, poliki-poliki bi orduko orbita biribilean jarriko da, 400 kilometroko altueran. Mars Odissey zundaren lan zientifikoa 2002ko urtarrilean hasiko da.

Orbitan sartzearekin, Mars Odyssey zundaren urte-erdiko bidaiaren —odisearen— lehen zatia amaitutzat eman da. Bidaia apirilaren 7an hasi zen, Floridako Cabo Cañaveral-en. Hortaz, Mars Odyssey zundak dagoeneko 644 milioi kilometroko bidea egin du.

Mars Odyssey-k, daraman tresneriari esker, Marteren lurzorua aztertu ahal izango du, ura bilatuko du, eta Marteko atmosferaren azterketak egingo ditu jakiteko gizakien osasunean nola eragin dezakeen. Hori guztia, jakina, orbitatik Martera jaitsi barik.

Mars Odyssey zundaren helburuetariko bat Marten bizitzarik egon zen ala ez erabakitzea da. Izan ere, bizitza egon ahal izateko, ur likidoa egotea ezinbestekoa da. Marteko orbitan jarriko den zundak Marteren zorupean egon daitekeen ura aurkitzeko tresneria egokia du. Mars Odissey zundaren zereginen artean, klimaren azterketak ere badu bere garrantzia.

Jakina denez, gaur egun Marte hotzegia da azal-azalean ura egon ahal izateko. Dena den, ikertzaileek uste dute Marteko zorupean ura egon daitekeela, eta, horregatik, Marten egon daitekeen izotza urtaroen arabera aztertuko dute. Era berean, Mars Odissey-k azterketa geologikoak egingo ditu, elementu kimikoak eta mineralak ikertuz.

Azkenik, atmosferaren ezaugarriak bilduz, zundaren beste helburu bat datozen urteotan gizakia planeta gorrira eraman ahal izateko ikerketak egitea da. Horretaz gain, Mars Odyssey-k 2003-2004 urteetan Marteko lurzorura bidali nahi diren zunden komunikazio sistemekin zubi-lana egingo du.