Nukleo bikoitzeko galaxia
2003/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer dago 3C 66B galaxiaren nukleoan? Astronomo japoniar batzuen arabera, bi zulo beltz erraldoi, elkarren inguruan biraka. Bira 1,05 urtean behin osatzen dute, eta galaxiako izarrak higidura horretan sortutako eremu grabitatorioan daude harrapatuta. Seguru asko, galaxia askok dute zulo beltz pare bat nukleoan. Adituen arabera, ezaugarri hori zulo beltz bana duten bi galaxia batzearen ondorioa da.
Dena dela, zulo beltzak ez dira ikusten, eta, beraz, zaila da hori guztia baieztatzea. Horretarako aukera logikoena ikusten diren izarren higidura aztertzea da, zulo beltzen eremu grabitatorioan harrapatuta baitaude. Japoniako astronomoek hori egin dute 3C 66B galaxiaren kasuan, eta higidura hori elkarren inguruan biraka ari diren bi zulo beltzek eragiten dutela ondorioztatu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia