}

Nork asmatu zuen telefonoa?

2002/06/18 Elhuyar Zientzia

Eskolan beti Alexander Graham Bell estatubatuarrak (jatorriz eskoziarra) asmatu zuela erakutsi badigute ere, pasa den igande honetan AEBetako ordezkarien ganberak Antonio Meucci italiar-estatubatuarra izan zela benetako asmatzailea nabarmendu du.

Vito Fossella New York hiriko ordezkari errepublikarrak adierazi duenez, Antonio Meuccik bere etxepeko sotoaren eta emaztearen logelaren artean telekomunikaziorako oinarrizko gailu bat instalatu zuen New Yorken. 1860. urtean bere asmaketa hiri bereko egunkari italiar batean aurkeztu zuen. Hamaika urte geroago, patentea lortzeko behin-behineko eskaera egin eta, dirurik ez zuenez, 1874an bertan behera utzi behar izan zuen bere asmoa.

Bi urte geroago, 1876an, Meucci-rekin laborategi berean lanean aritzen zen Graham Bell-ek erosi zuen aparatu horren patentea. 1887an, agintaritza estatubatuarrak Bell-i ebatzi zitzaion patentea baliogabetu nahi izan zuen, baina prozesua Meucci-ren heriotzarekin batera itxi zen, 1889an.

Hala eta guztiz ere, mende bat eta hamahiru urteren ondoren jakin da benetan zein izan zen gaur egun ezinbestekoa zaigun tresna hori asmatu zuena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia