}

Norberaren gustuko proteina

2000/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Amebetatik hasi eta gizakietaraino, bizidun guztiek 20 aminoazido erabiltzen dituzte proteinak eratzeko.

Proteinak bata bestearen atzean ilaran lotutako aminoazido-kateez osaturik daude, nahiz eta gero hiru dimentsioko itxura konplexuak dituzten. Naturan 20 aminoazido desberdin daude eta horiek modu batera edo bestera konbinatuz, bizidun guztien proteina guztiak eratzen dira.

Proteinaren egitura tridimentsionala eta bete beharreko zeregina bata bestearen araberakoak dira, eta hainbat gaitz proteinen okerreko egiturekin loturik daude. Horregatik, proteinen egitura tridimentsionala ikergai garrantzitsua da. Nahiz eta lehenago ere aminoazido artifizialak zituzten proteinak egin diren, ikertzaile japoniar batek lehen aldiz lortu du nahi adina aminoazido artifizialeko proteina osatzeko teknika garatzea.

Ikertzailearen asmoa, aminoazido fluoreszenteak proteinetan txertatzea da, horrela horien arteko distantzia eta posizio erlatiboak neurtuz proteinaren egitura tridimentsionalak nola eratu eta aldatzen diren aztertu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia