}

Nolako gorputza, halako bizikleta

2002/07/28 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Lasterketetan ibiltzen direnek izan ezik, bizikleta-dendetara joaten direnek neurrira egindako bizikletak erostea ez da oso ohikoa izaten. Hala ere, bizikleta saltzeko edo erosteko modu hori egon badago. Euskal Herriko bizikleta-ekoizlerik handienak —Orbeak— adibidez, erosketa modu horretan egiteko aukera eskaintzen du. Internet bidez, gainera. Neurrira egindako bizikletak Orbean
Neurrira egindako bizikletek ahalbidetzen dute indarrari etekina ateratzen.

Mutil gaztea sartu da bizikleta-dendan. Egun onak ematearekin batera, galdera egin dio saltzaileak:

- Eta, zer behar duzu?

Bizikleta erosi nahi duela erantzun mutikoak, federatu-agiria atera eta lasterketetan hasteko asmoa duela. Hitz egiten egon dira biak. Txirrindularitza gogorra dela eta ea ondo pentsatu duen, badakiela hori, baina herrian bertan inork ez diola itzalik ere egiten eta txirrindulari ohi batek saioa egin dezan animatu duela; pozten dela gaztea hain animoso ikusten gero eta gazte gutxiago agertzen zaizkiolako horrelako asmoekin eta zenbat gastatu nahi duen; bada ahalik eta gutxien nahiz eta pasa den udaran taberna batean lan egin eta dirua aurreztu duen…

Dendan dituen bizikletei ezezik, katalogoetan dituztenei ere begira egon dira, koadroa eta bizikletaren gainerako osagaiak aukeratu dituzten arte. Gero, galdera berriro saltzaileak:

- Neurrira egindakoa nahiko duzu, ezta?

Baietz gazteak, nahiko lukeela baina beharbada ez duela horretarako behar beste diru izango. Horrela egindako bizikletak izan apur bat garestiagoak izaten direla esan dio saltzaileak, % 5 inguru, baina lasai egoteko, oraingoan ez diola kobratuko, lehen lasterketa irabazten duenean ospatuko dutela.

Bizikletaren zein gorputzaren neurriak kontutan hartzen dira neurrira egindako bizikletak egiteko.

- Ea ba, has gaitezen neurriak hartzen. Lehenengo oinetakoak kendu behar dituzu.

Fisikoki pertsona guztiak desberdinak dira. Garaiera, zangoen luzera, besoena, gorputz-enborrarena… kontuan hartzekoak dira indarrari etekina ateratzeko edo bizikleta gainean erosoago joateko orduan.

Saltzailea neurriak hartzen hasi da mutil gazteari. Mutila oin hutsik dagoela, hormaren kontra, hankartea neurtu dio lehenengo. Hankartetik lurrera dagoen distantzia 0,65 koefizientearengatik biderkatuta —bizikleta-motaren arabera koefiziente hori aldatu egiten da— kuadroaren altuera (A) ematen du; hau da, pedalierretik aulkiaren oinarrira dagoen distantzia. Gero, hankartetik sorbaldara arteko neurriak hartu dizkio. Neurri horiek 0,888 koefizientearengatik biderkatuta, kuadroaren luzera (B) ematen du; koadroaren tutu etzanarena, alegia. Segidan, besoaren luzera neurtu dio. Hormaren kontra jarri du, arkatza eman dio eskuan izan dezan, eta besoa luze-luze eginda eutsi diezaiola agindu dio. Neurri hori 0,203 koefizientearekin biderkatu eta heldulekuko euskarriaren luzera (D) irteten da. Beraz, dagoeneko oinarrizko neurriak hartu dizkio. Neurri horiekin kuadroaren geometria atera dute.

Baina neurketa gehiago ere egiten dituzte. Adibidez, aulkiaren altuera; hankartetik lurrera dagoen distantzia 0,885 koefizientearengatik biderkatuta— jakina, hori baino sinpleagoa izaten da bizikleta gainean jarri eta hanka-puntekin lurra ukitzen dela ziurtatzea—. Bielen luzera ere atera daiteke, hankartetik lurrera dagoen distantziaren % 20 inguru gutxi gorabehera. Heldulekuaren zabalera zenbatekoa izango den ere erabaki daiteke aurrez eta erraz, sorbaldaren zabalera neurtzea baino ez dago.

Neurrira egindako bizikletek erosoago joaten laguntzen dute.

Zehaztasun gehiago nahi izanez gero, bizikleta lauan edo aldapetan hobeto ibiltzeko prestatzeko, neurri gehiago ere hartuko dituzte kontuan. Esate baterako, pendizetan hobeto ibiltzeko bizikleta egokia nahi bada —erritmo-aldaketa azkarrak egiteko—, koadroa atzealdeko urkilari lotzen dioten gurpilak ohi baino laburragoak izango dira, eta aulkiaren angelua ohi baino txikiagoa izango da. Bizikleta gogorragoa edo bigunagoa, orekatuagoa edo maneiatzeko zailagoa behar badira, ardatzen arteko distantzia, aurrealdeko urkilaren makurdura eta direkzioaren angelua kalkulatu eta egokitu beharko dira.

Ordu-erdi inguru behar izan ditu saltzaileak neurri guztiak hartu eta mutil gazteak zein ezaugarritako bizikleta behar duen jakiteko. Guztia ondo egin badute, neurriak lantegira bidali eta laster izango du bizikleta eskuartean. Ibiltzen hasten denean, beharbada mutilari arrotza egingo zaio bizikleta, norberaren neurriak izanda ere gorputzak egokitzeko denbora behar duelako. Luzera, baina, erosoago ibiltzeaz gain, dituen ezaugarriei etekin handiena aterako die.

Orbea enpresak Europako bizikleta-egile handienetakoak, neurrira egindako bizikletak erosteko on-line zerbitzua du. Horretarako, programa informatiko berezia erabiltzen dute Orbean: eroslearen morfologia eta nolako bizikleta nahi duen kontuan harturik diseinatzen du programak bizikletaren koadroaren geometria.

Programak datuen araberako ebaluazio estatikoa eta dinamikoa egiten ditu. Ebaluazio estatikoan txirrindulariaren posizioa giharrek egiten duten lanari etekin handiena ateratzeko egokiena den ala ez aztertzen da. Grabitate-zentroaren kokapenari, belaunen angeluari, sorbaldaren altuerari, eta belaunen posizioari begiratzen zaio gehienbat.

Ebaluazio dinamikoak, berriz, txirrindulariak, pedalak ematen ari dela, eskulekuan eta aulkian egiten duen indarrari buruzko informazioa ematen du; hau da, bere pisuaren zer parte jartzen duen eskulekuaren gainean eta zer parte eserlekuaren gainean.

Orbean egindako bizikleta erosi nahi duten guztiak balia daitezke teknologia horretaz, bizikleta-saltzaileek beren dendatan software hau erabiltzeko aukera baitute. Neurketak dendan bertan egin ditzakete: Interneten sartu, Orbearekin bat egin eta programa erabil dezakete. Horrela, bezeroak bat-batean izan ditzake erosi nahi duen bizikletaren ezaugarriak.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia