Nola elikatu mundua
2010/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1950eko hamarkadan, mila milioi pertsona gose ziren munduan. Gaur egun, gose diren pertsonen kopurua antzekoa da; egunean behar diren gutxieneko kaloriak jasotzen dituztenetan dago aldea: lehen 2 mila milioi ziren, orain, 5,7 mila milioi. Horiek horrela, azken hamarkadetan janarien ekoizpenean "akats baino lorpen gehiago" egin direla baieztatu du Francisco García Olmedo Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak.
García Olmedo duela gutxi izan da Bilbon, EurSafe elkarteak egin duen kongresuan. Europako nekazaritzaren eta elikagaien etikaz arduratzen da EurSafe elkartea, eta Global food security: Ethical and legal challenges izan da aurtengo kongresuaren gaia (Elikagaien segurtasun globala: aldaketa etikoak eta legalak). Horren baitan, Feeding nine billion people (9 mila milioi pertsona elikatzen) izeneko hitzaldia eman du katedradunak.
Hitzaldiaren ondoren, elkarrizketa bat egiteko aukera izan du Elhuyarrek. Haren iritziz, gosea da oraindik ere gizateriaren arazo larriena, eta desoreka handiak daude, "baina niri positiboa iruditzen zait populazioa hainbeste hazi arren gose den pertsona-kopurua ez izatea lehen baino handiagoa". Eta, hori lortzeko, nekazaritzaren ekarpena ezinbestekoa izan dela uste du; bereziki, landareen hobekuntza genetikoa.
Hori erakusten duten adibide asko daude, hala nola herdoilarekiko erresistenteak diren gari-barietateak. Barietate horiek mundu osoan hedatu ziren, eta ekoizpena bikoiztea edo hirukoiztea ekarri zuten leku askotan. Mexikon, hektareako 750 kilo lortzetik 3.200 kilora igaro ziren 1950etik 1970era. Arroz hibridoak Txinan izandako arrakasta da beste adibide bat.
Beste kasu batzuetan, lurraren jabetzan edo lurra lantzeko sisteman (ureztatzea edo ongarritzea, esaterako) egindako aldaketek ekarri zuten ekoizpena handitzea. Argentinan, berriz, bi eratako aldaketak gehitu dituzte: genetikoki eraldatutako sojari esker kontserbazioko nekazaritza egin dezakete; hain juxtu, hazia glifosato herbizidarekiko erresistentea denez, zuzenean erein dezakete, aurreko uztaren hondarrak kendu gabe. Sistema hori dela eta, herrialdearen ekonomiaren oinarri bihurtu da soja transgenikoa.
Iraultza berdearen ondoren
Iraultza berdearen adibideak dira horiek guztiak. García Olmedok ez du zalantzarik onuragarria izan dela: "lehentasuna jendea elikatzea da, nahiz eta horrek albo-ondorioak dituen. Gainera, batzuek kontrakoa uste badute ere, barietate berriek lehengoek baino lur, ur eta energia gutxiago behar dute".
Horrenbestez, etorkizunean ere landareen hobekuntza genetikoa eta bioteknologia "gako" izango direla uste du García Olmedok, nahiz eta horrekin bakarrik ez den nahikoa izango: "9 mila milioi pertsona elikatzeko janari-ekoizpena % 70-100 areagotu behar da, eta hori ezingo da transgenikoekin bakarrik lortu".
Hala, beste teknologia batzuen artean, zehaztasuneko nekazaritzak ere garrantzi handia izango duela iragarri du García Olmedok.
Nekazaritza-sistema horrek baliabide informatikoak erabiltzen ditu lur-zoruaren parametro guztiak neurtzeko eta doi-doi jakiteko zenbat hazi, ur, ongarri eta pestizida bota behar diren puntu bakoitzean. "Horrela, alde batetik, lurraren emankortasuna ahalik eta gehien aprobetxatzen da, eta, bestetik, kostua eta ingurumen-inpaktua guztiz txikiagotzen dira", azaldu du katedradunak. Eta informatikak eta datuen kudeaketa egokiak klima-aldaketari aurre egiteko ere balioko duela gaineratu du.
Erantzun gehiago
García Olmedok ez ezik, beste ikertzaile batzuek ere aztertu dute auzia. Food Security: the Challenge of Feeding 9 Billion People (Elikagaien segurtasuna: 9 mila milioi pertsona elikatzearen aldaketa) izenburuarekin, analisi bat argitaratu zuen Science aldizkariak otsailean. Oxford, Stirling eta Essex unibertsitateetako ikertzaileak, Britainia Handiko Zientzia Bulegoa, eta Syngenta bioteknologia-enpresa daude sinatzaileen artean.
Estrategia globala landu eta aplikatu beharko dela uste dute analisiaren egileek, eta bost alderdi nabarmendu dituzte. Lur-sailek "eman dezaketenaren eta ematen dutenaren arteko aldea txikitzea" da lehenengoa. Horretarako, besteak beste, emankortasuna ahalbidetzen duten faktore teknikoak (ureztatze-sistemak, ongarriak, makineria, pestizidak...) ekoizle guztien eskura egon beharko lukete, eta, gero, merkatu globalera sarbidea izan beharko luke ekoizleak.
Teknologia genetikoaren garrantzia ere azpimarratu dute. Datorren hamarkadan "eraldaketa genetiko konplexuak" egingo direla iragarri dute, eta horrela lortuko omen dira, adibidez, lehortearekiko erresistenteak diren landareak. Horrez gain, gaixotasunekiko immuneak diren animalia klonatuak sortuko direla adierazi dute, eta, abereak bazkatzeko, atmosferara ohi baino metano gutxiago isurtzea ahalbidetuko duten landareak. Dena den, bioteknologiaren onurak puzten badira, sinesgarritasuna galtzeko arriskua duela ere ohartarazi dute.
Hondakinak, dieta eta akuikultura
Analisiarekin jarraituta, "hondakinak gutxitzea" proposatu dute hirugarren lekuan; izan ere, janariaren % 30-40 galdu egiten da, bai garapen-bidean dauden herrietan bai industrializatuetan. Lehenengoetan, biltegi egokien falta da galtzeko arrazoi nagusia; bigarrenetan, merkatu-faktoreak dira, hala nola itxura-betekizun edo iraungitze-data estuegiak. Hori konpontzeko, azpiegiturak eta teknologia hobetzeko inbertsioak eta heziketa zein arautegi egokiak behar direla uste dute artikuluaren egileek.
Hurrena, dietari erreparatu diote. Haien arabera, landare-materia animalia-materia bilakatzearen eraginkortasuna % 10 da; beraz, begi-bistakoa dirudi lur-azalera berberarekin jende gehiago elikatzeko aukera izango litzatekeela denak barazkijaleak izatea, orojaleak izan beharrean.
Argudio hori, ordea, "sinplekeriatzat" jo dute: abereek bazkatzeko erabiltzen diren eremu asko ezin dira baratze bihurtu; animalia batzuk, zerriak esaterako, giza janarien hondakinekin hazten dira; eta garrantzi kultural eta ekonomiko handia dute leku askotan. Hala ere, herrialde batzuetan haragi-kontsumoa gutxitzea komeni dela aitortu dute, baita puntu honek azterketa sakona behar duela ere.
Ikertzaileek aipatutako azken alderdia akuikultura da. 3 mila milioi pertsonak arrainei eta beste animalia urtarrei esker jasotzen dituzte hartzen dituzten proteinen % 15, eta proportzio hori handitu daitekeela uste dute ikertzaileek, batez ere, eraldaketa genetikoko teknikak erabilita. Hala ere, akuikultura garatzeak ingurumenean egin ditzakeen kalteak kontuan izan behar direla iruditu zaie.
Amaieran, ondorioztatu dute helburua ez dela produktibitatea handitzea bezain sinplea. Optimizatzea omen da xedea, ekoizpena, ingurumena eta gizarte-justizia aintzat hartuta.
Beste argitalpen batzuetan, uztaileko Nature aldizkarian adibidez, antzeko ondorioetara iritsi dira adituak. Argi dute ez dagoela irtenbide bakarrik ez errazik, baina guztiek nabarmentzen dute bioteknologiak zeregin nagusia izango duela datozen hamarkadetan. Dena dela, agian komeni da gogoratzea Science ren analisian egindako oharra, alegia, arriskutsua dela bioteknologia gehiegi goratzea, teknologia-mota horren sinesgarritasuna jokoan baitago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia