}

Nola egin aurre irradiazioari

2002/02/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Elikagaien irradiazioa haien higienea eta iraupena bermatzen dituen metodo fisiko bat da. Erradiazio ionizatzailearen eraginpean elikagaietan ohikoak diren eta gizakietan gaixotasunak eragin ditzaketen hainbat bakterio suntsitzen direnez, ‘hotzean egindako pasteurizazioa’ ere deitzen zaio. Horien artean daude, besteak beste, Salmonella, Escherichia coli O157:H7, Listeria monocytogenes edota .

Yersinia enterocolitica

Irradiatutako elikagaiek daramaten ikurra.

Erradiazio ionizatzaileak elikagaien atomoen edota molekulen egonkortasuna hausten du. Asaldura horren ondorioz, elkarren artean edo beste molekulekin konbinatzen diren ioiak eta erradikal askeak sortzen dira. Horrela, kimikoki egonkorrak diren beste molekula batzuk eratzen dira. Egin diren azterketen arabera, sortzen diren konposatu horiek ez dute eragin kaltegarririk osasunean, eta janariak egostean edo beste era batean kontserbatzean sortzen diren berak dira.

Elikagaien industrian gehien erabiltzen diren erradiazio ionizatzaileak Co-60-ak sortutako gamma izpiak dira. Uhin-luzera motza dute, argi ultramorearen eta mikrouhinen antzera, eta neutroiak erauzteko gaitasunik ez dutenez, haiekin tratatutako produktuak ez dira erradiaktiboak bihurtzen. Gamma izpiak ontzia eta elikagaia arrastorik utzi gabe zeharkatzen ditu, eta ia ez ditu berotzen

1-2º C besterik ez

Bestalde, aldaketa horien eraginez, mikroorganismo patogenoak suntsitzen dira eta elikagaien iraupena luzatzen da, hondatze naturalaren abiadura gutxitzen baita. Horretaz gain, kontserbatzaile kimikoak gehitzea eragozten da. Alabaina, hain onuragarriak ez diren hainbat aldaketa ere gertatzen dira. Esate baterako, erradikal askeek proteinetan eta lipidoetan duten eraginaren ondorioz, janariek zapore berezia hartzen dute. Gainera, haragia ilundu egiten da, eta fruta eta barazkiek biguntzera jotzen dute.

Herrialde batzuetan elikagaien irradiazioa oso mugatua dago, kontsumitzaileek errezeloz ikusten baitute. Adibidez, estatu espainiarrean espeziatan eta usain-belarretan besterik ez da onartzen. AEBetan, aldiz, legediak beste jaki askotan ere baimentzen du irradiazioa: frutetan, barazkietan, garian, patatan eta, 2000. urtetik, baita oilaskoan eta haragi freskoan ere.

Deinococcus radiodurans

: mikroorganismo suntsiezina
Deinococcus radiodurans.

Hain zuzen, 50. hamarkadan, irradiatutako haragi-poto batean aurkitu zuten lehenengo aldiz erradiazio ionizatzaileen bidez suntsitzen ez zen mikroorganismo bat: Deinococcus radiodurans . Geroztik, ikertzaileak mikroorganismo horren iraunkortasunaren sekretua aurkitzen saiatu dira. Izan ere, argi ultramoreari, gai kimiko hilgarriei eta deshidratazioari ere aurre egiteko gai da. Deinococcus radiodurans -en genomaren sekuentziazioa lortu zela hiru urte igaro badira ere, oraintsu arte ez dute jakin zertan datzan mikroorganismoaren indarra.

AEBetako Louisiana Estatu Unibertsitateko ikertzaileek erradiazioaren aurrean ohi baino ahulagoa den Deinococcus radiodurans -en lerro mutantea aztertu dute. Mikroorganismoari erresistentzia ematen zion genea aurkitzeko, ADN arruntaren zatiak txertatu zituzten mutantearen ADNan. Horrela, bata eta bestearen arteko aldea DR0167 genearen base-pare batean zegoela ikusi zuten.

Gene horren jarduera aztertzeko, mikroorganismo arruntari eta mutanteari erradiazioa ezarri zieten ordu eta erdiz. Ondoren, erresistentzia duen mikroorganismoaren 24 gene aktibatuta zeudela ikusi zuten; mutantearenak, aldiz, askoz gutxiago aktibatzen ziren.

Ikertzaileen ustean, gene horiek erradiazioak eragiten dituen kalteak konpontzen dituzten proteinak kodetzen dituzte. Horrela balitz, Deinococcus radiodurans inguru erradiaktiboetako hondakinak garbitzeko erabili ahal izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia