}

Noiz loratzen dira landareak?

2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udaberrian, noski. Baina, zein da une zehatza? Hau da, zein faktorek hasarazten du loratze-prozesua? Landareak egunaren iraupenaren eta argiaren intentsitatearen arabera loratzen dira. Iparraldeko loreek eguzki-bainu luzeak behar izaten dituzte eta, tropikoetakoek, aldiz, askoz laburragoak. Kaliforniako ikertzaile batzuek Arabidopsis taliana landarearen 141 lagin aztertu dituzte eta, loratzeko, barietate tropikalek besteek baino 100 bider argi gorri gutxiago aski dutela ikusi dute. Eta zergatik? Barietate tropikalek A-fitokromo deritzon fotorrezeptore askoz gutxiago dutelako.

Bestalde, Herbehereetako ikertzaile batzuek Arabidopsis taliana-ren genoma aztertu dute, zehazki, loratze-prozesuarekin zerikusia duen eskualde bat. Bertan, argi urdina detektatzen duen 2-kriptokromo errezeptorearen genea atzeman dute, eta barietate tropikaletan gene hori mutatuta dagoela ikusi dute. Ondorioz, 2-kriptokromoaren eguneko zikloa desberdina da barietate tropikaletan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia