}

NGC 4266, galaxia bihurria

2002/02/11 Elhuyar Zientzia

Hubble teleskopioak jaso duen NGC 4266 galaxiaren irudiak mundu osoko astronomoak harritu ditu. Izan ere, orain arte ezagutzen diren galaxiek biratzean izarrak eta gas-hodeiak eramaten dituzte atzetik. NGC 4266 galaxiak, ordea, biratze-noranzkora zuzendutako bi beso edo adar ditu kanpoaldean, eta barrualdean, berriz, galaxiaren aurkako noranzkoan doan beste beso bat.

Itxura guztien arabera, galaxia hori txikiago bat ‘jan’ zuenean sortu zen. Kanpoaldeko bi beso horiek okertuta daude, beste indar batek eragin izan balie bezala, eta galaxiaren zentroak elkarketaren arrastoak ditu oraindik.

Hubble behategiko astronomoen esanean, galaxia horren itxura berezia bada ere, ziurrenik ez da bakarra izango, behar adinako zehaztasunarekin behatu ezin diren galaxia txiki asko baitaude.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia