Izortze Santin Gomez

EHUko ikertzailea

Neutroa


Esan ohi da zientzia neutroa dela, ez duela ideologiarik; eta izatez, hala da. Baina zientzialariak neutroak al dira? Zientzialarion ideologiak ez al du eraginik zientziaren munduan?

“Zientzia zientzia da, kirola kirola den bezala. Eta ez da politikarekin nahastu behar”. Hori esan ohi digute maiz, baina zientzia ez da mundutik isolatuta dagoen jarduera bat, eta zientzialariok ez gaude kutxa hermetiko batean isolatuta. Zientzia bera izan daiteke neutrala, baino zientzialariok, pertsonak garen heinean, iritzi bat daukagu.

Orain dela gutxi artikulu berri bat bidali dut diabetesaren arloan ospe handia duen aldizkari batean argitaratzeko. Agian ez dakizue, baina proiektu batean emaitzak lortzen ditugunean, emaitza horiekin artikulu bat idatzi, eta aldizkari zientifiko batera bidaltzen dugu onlineko plataformen bitartez.

Zergatik kontatzen dizuedan hau guztia? Bada, plataforma horretan sartu nintzenean arreta eman zidan informazio bat irakurri nuelako. Aldizkariko editorearen mezu bat zegoen, hitzez hitz honako hau esaten zuena: “Ukrainako gerraren ondorioz, erabaki dut, oraingoz, aldizkariak ez duela Errusiako erakundeetatik datorren ikerketarik argitaratuko. Nire erabakiak ez du esan nahi Errusiako herritarrek egindako ikerketak baztertuko direnik, baizik eta ez dela onartutako Errusiako erakundeek babestutako ikerketarik”.

Ez dakit zuek, baina ni harritu ninduen adierazpen horrek. Pentsa dezakezue zilegi dela Errusiako ikerketa-zentroetako ikertzaileei argitaratzeko trabak jartzea; ez naiz horretan sartuko. Baina munduan gerrak zabaltzen dituzten herrialdeetako ikerketa-zentroei mugak jartzea erabakiko balitz, ez al lukete zerrendaren buruan egon behar AEBk eta Israelek? Baina ez; kasu honetan erabaki dute, modu arbitrarioan, Errusiako ikerketa-zentroei boikota egitea eta, aldiz, AEBko eta Israeleko ikerketa-zentroetako ikertzaileei alfonbra gorria jartzea.

Gailentzen den joerari aurre eginez, berriki EHUk adierazi du ez duela parte hartuko Israelek bultzatzen duen edo parte hartzen duen ikerketetan. Hori aintzat hartuta, EHUko zenbait ikertzailek uko egin diote Israeleko ikertzaileekin proiektuetan kolaboratzeari. Beste zenbait unibertsitatek eta ikerketa-zentrok ere bide bera hartu dute, Israelek Gazan egindako sarraskia salatzeko.

Bi ekintza. Kontrajarriak ala norabide berean doazenak? Batzuentzat biak egokiak izango dira. Beste batzuentzat bat ere ez. Eta beste batzuentzat, berriz, bat egokia eta bestea desegokia. Batzuek pentsatuko dute baten alde eta bestearen kontra egotea kontraesan bat dela; eta beste batzuek, berriz, bi ekintzen logika berdina dela. Norberak munduari begiratzeko duen erak zehaztuko du gure ikuspuntua, eta ezinbestean baldintzatuko du gure eguneroko jarduera. Zientzialariona ere bai.

Izortze Santin Gomez

EHUko ikertzailea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali