}

Neutrinoen bila

2001/03/23 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Neutrinoak oinarrizko partikulak dira eta ia ez dute elkarrekintzarik masarekin, ez dute ia masarik. Horrek oso erakargarri bihurtu ditu astronomia arloan urruneko galaxia eta izarrak kokatzeko edota unibertsoaren muga ikertzeko. Izan ere, neutrinoak berez sortzen dira espazioan eta gainerako partikula gehienak ez bezala, neutrino azkarrenak, hots energia handikoenak izugarri txikiak dira, ez dute kargarik eta oso masa txikia dute. Ondorioz, oso gutxitan egiten dute talka beste partikulekin eta, kargarik ezean, ez dute horiekin elkarrekintzak izateko joerarik. Horregatik, energia handiko neutrino gehienek Lurra zeharkatu eta euren ibilbidea jarraitzen dute.

Arrazoi horregatik energia handiko neutrinoek ibilbide zuzen-zuzena egiteko joera dute eta euren jatorrizko eskualde energetikoen kokapena zein den adieraz dezakete. Eta hori da astronomoen interesekoa dena, zulo beltzen inguruan eta unibertsoaren mugan sortzen direlakoan baitaude. Baina detektatzen oso gaitzak ere badira.

Energia handiko neutrino horiek detektatzeko, Antartikoko izotza detektatzaile natural egokia ote zen susmoa bazuten ikerlariek eta 1997an 2 km luzeko zuloa egin zuten AMANDA proiektua abian jartzeko. Izan ere, Lurreko beste partikulekin talka egiten duten neutrino-apurrek muoi izeneko partikulak eta energia askatzen dute, oso gutxi irauten duten argi urdinkara sortuz, Cerenkov erradiazio izenekoa, alegia. Erradiazio hori jasoz gero, neutroiaren jatorrizko ibilbidea zein den jakin daiteke. AMANDA proiektuan 302 hodi fotobiderkatzaile (PMT) erabili dira izotzetan sartuta. 138 egunen buruan, 263 energia handiko neutrino detektatu dituzte eta partikula bakoitzaren jatorria erakusten duen zeruko mapa egin dute.

Oso kontentu daude emaitza horiekin, baina zehaztasun handiagoaz lan egiteko Antartikako kilometro kubiko batean 5.000 PMT jarri beharko liratekeela diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia