Neutrinoak detektatzeko teleskopioa Mediterraneoan
1999/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antares teleskopioaren lehen detektagailu-sarea kokatzen hasi dira Mediterraneoan, Frantziako kostaldetik 50 km-ra; hiru urtetan halako 13 sare jarriko dira.
Proiektua Europako 14 erakundek finantziatzen dute, 2.500 milioi pta. kostatu da eta 300x300 m-ko gunea hartzen du itsas hondoan. Proiektu erraldoi horren helburua espaziotik Lurrera iristen diren energia handiko neutrinoak antzematea da. Ikerlariek badakite neutrino horiek izan badirela, era horretako protoi eta nukleoak antzeman baitituzte jada; baina orain arte neutrinoak ez dira antzeman. Materia eta neutrinoen arteko elkarrekintza oso ahula da, baina ur- edo-izotz bolumen handietan detektagarria izan daiteke sortzen duten argia.
Neutrinoek, nukleo eta protoiek ez bezala, jatorrizko ibilbidea mantentzen dute (espazioan dauden eremu magnetikoek ez diete neutrinoei eragiten, kargarik ez baitute) eta urruneko galaxia eta izarrak kokatzeko oso baliagarriak dira. Antartikan badago jada Amanda deritzon antzerako teleskopioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia