Neuronen antzeko zelulak sortu dituzte gizakien hortz-mamiko zelula ametatik
2025/05/07 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hortz-mamitik ateratako zelula amak zelula neuronal kitzikakor bihurtu daitezkeela frogatu dute EHUko ikertzaile batzuek. Nabarmendu dute bide berri bat izan litekeela hainbat gaixotasun neurodegeneratibo ikertzeko, eta terapia zelularrean aurrera egiteko. Stem Cell Research & Therapy aldizkarian argitaratu dute lana.
Neurona heldu bat ezin da zatitu, eta garunak naturalki birsortzeko ahalmen gutxi du, zelula ama gutxi dituelako. Horregatik, zientzialariak neurona funtzionalak sortzeko modua bilatzen ari dira, transplantatzeko eta, hala, patologia neurodegeneratiboetan (garuneko traumetan, iktusetan eta abarretan) defizitak gainditu ahal izateko. Baina garunean transplantatutako zelulak kaltetutako garun-zirkuituan integratzeko eta galdutako neuronak ordezkatu ahal izateko, ezinbestekoa da zelula horiek bulkada elektrikoak sortzeko gai izatea.
Hain zuzen ere, EHUko ikertzaileek gizakien hortz-mamitik abiatuta lortu dituzten zelulak gai dira neuronen moduko bulkada elektrikoak sortzeko. Lorpen nagusia da sortu dituzten zelulek kitzikakortasun funtzionala dutela eta neuronen jarduera erregulatzen duen neurotransmisore-mota bat sintetizatzen dutela, genetikoki eraldatu gabe; izan ere, jatorrizko hortz-zelulak hartu eta zuzenean diferentziazio-faktoreekin hazi dituzte, eta estimulu zehatzak eragin dizkiete, neurona-jarduera elektrofisiologikoa duten zelulak sortzeko.
Sortu dituzten zelulak GABA izeneko neurotransmisorea sintetizatzeko gai dira. Seinaleztapen inhibitzaile mota bat da, hau da, seinalea jasotzen duen neuronak bulkada elektrikorik ez sortzea kontrolatzen du. Ikertzaileek nabarmendu dute hori oso garrantzitsua dela; izan ere, zenbait gaixotasun neurodegeneratibotan (Huntingtonen gaixotasuna eta epilepsia, adibidez), garuneko eremu jakin batzuetan zelula-mota horiek, eta horiek bakarrik, hiltzen dira, eta, ondorioz, garuneko zirkuitua behar baino gehiago kitzikatzen da.
Gaskon Ibarretxe Bilbao eta José Ramón Pineda, EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko irakasleak, oso baikor agertu dira aurkikuntza horri esker aztertu ahal izango diren bide berriekin. Uste dute zelula horiek garuneko zirkuitu kaltetuetan sartu ahalko direla eta galdutako neuronak ordezkatu ahal izango dituztela. Era horretan, lehenagotik garunean dauden neuronekin berriro konektatu ahal izango lirateke, eta galdutako eremu osoa birsortuko lukete, berriro egoki funtziona dezan. Aurkikuntza honek nerbio-sistemari aplikaturiko terapia zelular tradizionalaz bestelako ikuspegia proposatzen du; orain arte, terapien helburu nagusia hantura murriztea zen, hau da, bizirik geratzen zena babestea, baina ez galdutakoa berritzea. Honek ate berri bat ireki dio etorkizuneko medikuntza pertsonalizatuari, ikertzaileen esanean.
Adierazi dute hurrengo pausoa zelula horiek animalia bizietan transplantatzea izango dela, eta ikustea ea garuneko zirkuituan integratzen diren eta ostalariaren neuronekin birkonektatzen diren. Guztiz heldu gabeko neuronen bereizgarri diren bulkada elektrikoak sortzen dituzten zelulak lortu dituzte, baina zelula horiek bulkada-kate elektrikoak sortu behar dituzte eta neurona-zirkuituan behar bezala integratu behar dira. Ikertzaileek adierazi dutenez, bidea luzea izango da, baina uste dute zelula horiek klinikan inplementatzeko aukera handia dagoela. Erabat heldu gabeko fasean transplantatzeak malguagoak izatea eta garuneko zirkuitu jada garatuetan integratzea erraztu dezake. Izan ere, ikertzaileek diote zelula horiek berezko abantaila bat dutela: Ez dute tumoreak sortzeko joerarik; alderantziz, frogatu dute zelula oso egonkorrak direla eta gizakion beste zelula ama mota batzuk baino hobeto bereizten direla
