}

Neanderthalen hizkuntza

1989/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken aldi honetan gure artean, Jean M. Auel idazle iparramerikarraren “Haitzulo-hartzaren klana” serieko liburuak oso modan daude eta eskuz esku pasatzen ari dira. Ezin uka liburuak interesgarriak eta ondo idatziak daudenik eta gure haitzuloetako arbasoen bizimoduari buruzko ideia interesgarriak ematen dituenik. Neanderthalen (homo sapiens neanderthalensis) artean bizi den Ayla cromagnondarren (homo sapiens sapiens) historia hunkigarria da oso.

Liburuan neanderthaldarrek hitz egiteko zuten trebezia auzitan jartzen da eta hitz eta soinu gutxi batzuk besterik ezin zituztela ahoskatu esaten da. Beren hizkera keinutan oinarritzen zen, idazlearen esanetan.

Neanderthaldarren hizketarako gaitasuna, edota gaitasun eza, auzi zaharra da antropologoen artean. Antropologo askok neanderthaldarrek gurearen moduko hizkera ezinezkoa zutela aldarrikatu du. Ideia honen oinarria hizketarako aparatuaren konfigurazio desberdina izan da.

Israelen paleontologoek aurkitu berri duten hezur batek auzia pil-pilean jarri du berriro. 50.000 bat urte duen neanderthaldar baten hezurduran hioide izeneko hezurra aurkitu dute. U formako hezur honek funtsezko papera jokatzen du hitz egiteko gaitasunean. Hau izan da neanderthaldar hondakinetan aurkitu den honelako lehenengo hezurra. Egia esan hezur hau oso biguna denez izugarri zaila da ondo fosilitzatzea eta orain arte horrelakorik aurkitu ez izana ez da harrigarria.

Orain arte hitz egiteko aparatuaren ebidentzia gutxi egon da. Jendeak zeharkako bideak erabili ditu gizakia hizketan noiz hasi zen igertzeko.

Batzuen eritziz, Philips Tobiasen aburuz esaterako, homo jeneroa agertu zenean, duela 2 milioi urte, hasi zen hizketaren garapena. Beste batzuek duela 100.000 urte, gizaki modernoa (homo sapien sapiens) agertu zenean, bakarrik hasi zela esaten dute.

Tarteko eritziak ere badira eta Jeffrey Latman-en ustetan hizketa duela 1,5 milioi urte hasi zen homo erectusa agertu zenean.

Hala eta gutiz ere, neanderthaldarren lerro ebolutiboak arazoak planteatzen die antropologoei eta gure arbaso zuzenak diren edo hildako homo-lerro baten azken oinordekoak diren ez dago oso garbi. Alabaina, Israelen aurkitutako hioide hezurrak datu bat gehiago emango du hizketaren arazoan, nahiz eta erabakikorra ez izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia