}

Neandertalenak direnak (eta ez direnak), Axlorren

2019/12/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

neandertalenak-direnak-eta-ez-direnak-axlorren
Axlorreko VIII. mailan aurkitutako neandertalaren parietal-zatia. Arg. Asier Gómez-Olivencia/Ana Pantoja-Pérez/Antoine Balzeau

Jose Migel Barandiaran Aierbek Axlor haitzuloan (Dima, Bizkaia) 1967-1974an egindako indusketaren aztarna paleontologikoak berraztertu ditu EHUk zuzendutako ikertzaile-talde batek, eta han bizi izan ziren neandertalei buruzko informazio berria argitaratu du.

Asier Gómez Olivencia paleontologoak zuzendu du lana, eta, bi ondorio nabarmendu ditu. Batetik, maila arkeologiko desberdinetan berreskuratutako neandertalen lau aztarna aztertu eta aurkeztu dituzte: maila zaharrenean (VIII. maila), hezur parietalaren zati bat; bi ebakortz V. mailan (bat esnekoa); eta esneko hagin bat IV. mailan. “Euskal Herriko neandertal-fosilen bildumarik handiena da”, azpimarratu du Gómezek.

Axlorren aurkitutako neandertalaren esneko hagina. Arg. Asier Gómez Olivencia

Bestetik, gaur egun Bilboko Arkeologi Museoan dauden Axlorreko hortzak berraztertu dituzte, eta frogatu dute, neandertalenak zirela uste zuten arren, gure espeziearenak direla. Joseba Rios Garaizar arkeologoak kozuzendu du azterketa hau eta Barandiaranek idatzitako landa-koadernoan aurkitutako informazio estratigrafikoa nabarmentzen du. Barandiaranen oharrak iradokitzen du hortz horien testuinguru estratigrafikoa zalantzazkoa dela, orain ikusi dutenez, hortzak “lur arinean” aurkitu zituztela idatzi baitzuen.

Mikrotomografia axial konputerizatuaren bitartez aztertu dituzte giza aztarnak; hala, fosilen barne-egitura ere ezagutzeko aukera izan dute. Gainera, lortutako datuak errekonstrukzio birtuala eta metodo estatistiko berrienak erabilita analizatu dituzte. “Teknika berriei esker, iraganean aztertutako fosiletatik informazio berria lortu dugu”, azaldu du Gomezek.

Are gehiago: bilduma paleontologikoak berrikustea giza fosil berriak topatzeko modua dela baieztatu du.

Gómezekin batera, diziplina askotako ikertzaileak aritu dira lanean, tartean, Londresko Unibertsitatekoak, Parisko Historia Naturaleko Museokoak, Madrilgo Unibertsitate Konplutensekoak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoak, EHUren eta Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroaren gidaritzapean.  American Journal of Physical Anthropology aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia