}

Nazioarteko proiektua Euskal Herrian

1993/08/01 IHIA-ko partaideak Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikasturte honetan, lehen materiala urtarrilean plazaratu bada ere, “Eskolatik Eskolara” nazioarteko programa garatu da gure artean. Hamazortzi taldek hartu du parte, urte-sasoi desberdinetan hasi badira ere.

Ideia nagusia, Ingurugiro Heziketarekin zerikusia duten gai amankomun batzuen inguruan lanera elkartzea izan da. Gaiak berez interesgarriak izan badira ere, planteamenduak berak ingurua ikertzera motibatzen du eta bertan, bakarka nahiz taldean, bete behar dugun eginkizuna argitzen laguntzen digu. Esperientzien eta ondorioen elkartrukeak (hots, ikuspegiena, bizimoduarena eta galderak eta eztabaidak berez sortzen duten balorazioen kontrasteak) norberaren pentsaera eta sormena lantzeko ezinbesteko elementuak dira; errealak eta biziak baitira eta ez teoriko edo entziklopedikoak.

Italiako talde bat izan da guzti hori lortzeko material berezia prestatu duena. Azalpenak eta iharduera-bildumak izan dira. Oinarrizko gai bakoitzari ikerketa-plangintza garatu diote. Ikerketa hauetan ikastalde osoek hartu dute parte, irakasle baten edo batzuen ardurapean, beraien inguru propioan murgilduz. Zailtasun nagusia komunikazioan egon dela esan behar dugu; oso inguru eta hizkuntza desberdinak dituzten ikasleei bideratu behar baitzitzaizkien ondorioak, ahoz nahiz idatzizko aurkezpenetarako teknikak,gaitasuna eta trebetasuna gauzatuz.

Aurtengo ikasturtean lau lan-multzo argitaratu dira 6 eranskinetan. Ondokoak dira: Populazioa, Baliabideak, Etxeak eta babeslekuak, Etxeak eta bizilekuak, Baliagarria eta alferrikakoa eta Tarta mundiala.

Interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik programaren planteamendua. Izan duen bilakaerak eta partehartzaileen iritziek baieztatu egin dute hasierako susmo hura. Ondoren aipatuko ditugun arrazoiak dira horren lekuko:

  • Lehenik eta behin, eskolari eta batez ere ikaslegoari begiak zabaltzeko aukera eskaintzen duelako. Hala nola ikuspegi berriak, errealitate eta esperientzia biziak, egunerokoak, bakoitzak ikusten, sentitzen eta aztertzen duen inguru hurbila bezain deigarriak.
  • Bestetik, bestelako herri, gazte, ohitura eta jokaera, kultura, sentikortasun, etab. elementu motibagarriak direlako.
  • Honelako programa batek Ingurugiro Heziketarako proiektuetan aritzeko zenbait ikastetxe, ikasle zein irakasle eta komunitate anima dezakeelako.
  • Gaien eta materialen interesagatik programatik kanpo ere, esperientzia eta baliabideen altxorra horni daitekeelako.
  • Hauez gain, beste zenbait aukera gauzatzen duelako. Esperientzien jarraipena eta hedapena, gure ikastetxeen arteko komunikazio-bideak ireki, proposamenak baloratu, burutu diren moldaketa, alternatibak eta iradokizunak, ...

Programa mundu osora zabaldu nahi izan da. Afrika, Amerika eta abarretako ikastetxeek hartzen dute parte. Milango idazkaritzak antolatu zuen anaikidetzarako taldeen banaketa. Orain arteko partaidetza oso desorekatua egon da truke honetan. Italiak 1.100 partaide izan ditu programan eta gainerako lurraldeetan 600 besterik ez dira izan. Horregatik, anaikidetza guztiak Italiako ikastaldeekin egin dira oraingoz. Hauek ere beren artean egin behar izan dute zenbait kasutan. Programa honen edo antzekoen hedapenak aukera gehiago ekarriko du.

Eskolatik kanpo ere badira material hauek beren proiektuetarako erabiltzen dituzten taldeak. Beraz, “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren bidez argitaratu den materialak Ingurugiro Heziketa hedatzeko aportazio itzela egin duela uste dugu.

Programaren hasiera atzeratu egin zen Komunitate Autonomoan. Ostean, hilabeteko tartea mantendu egin dugu; beraiek argitaratu ondoren bidaltzen baitziguten materiala, hemengo lan-epeak baldintzatuz. Horrela ikastetxeen parte hartzeko konpromezuak apurka heldu dira eta programako lan eta harremanetarako epeak betetzea ez da posible izan. Bestalde, ikastetxe bakoitzean sortu den interesa eta dinamika positiboak izan dira.

Edonola ere, komeni da ikastaro hasieran proiektua urte osoko programazioa diseinatzerakoan esperientzia curricularrean integratua izan dadin kontutan hartzea, eta ahal bada, disziplinarteko tratamenduan irakasle edo arlo desberdinak inplikatuz. Lan-proposamena zabala eta konplexua denez, kontutan hartzea komeni da hainbat irakaslek adierazten dituzten zailtasunak: gaiak eta iharduerak garatzeko unean sortzen diren arazoak, behar den malgutasun eta denbora eza, aurrez prestatutako programetara egokitzeko zailtasunak, etab.

1992ko abenduan egin zen deialdiari 18 ikastaldek erantzun diote oraingoz. Hauei eta beste hainbat interesaturi ere euskarazko materiala bidali zaie. Zenbait ikastetxetan euskarazkoaz gain ingelesezko kopia ere eskatu dute, arloa eta irakaslea inplikatuz. Aipatzekoa da gehienetan taldekidearekin komunikatzeko hautatu den hizkuntza ingelesa izan dela.

Kide den ikasgelarekin komunikatzeko erabili den sistema izan da beste oztopo bat. Gehienetan posta erabili da. Posta-zerbitzuak denbora-tarteak areagotu egiten ditu aportazio eta emaitzen trukaketan, lanaren dinamika eta motibazioa motelduz. Milango idazkaritzak arazo hau bereziki azpimarratu du eta hainbat iritzi jaso ondoren sistema aldatu beharra azaldu dute.

Komunitate Autonomoari dagokionez, ikastalde gehienek, beren burua aurkezterik izan badute ere, ez dute kide den ikasgelarekin materiala trukatzerik izan. Datorren kurtsoan ekingo diote lanari.

Irudimen eta trebetasun izugarria erabili behar da hizkuntz arazoak gainditzeko; talde bakoitzak berean lantzen baititu gaiak, nahiz eta trukaketarako beste bat hautatu.

Partehartzaile bakoitzak galdeketa-orri bat bidaltzen du CEIDA/ /IHIA-ra. Orri hau gai bakoitzaren amaieran dator eta proposatutako atalen artean zeintzuk landu diren, zeintzuk trukatu diren esateko eta iritzia eman edo balorazioa egiteko aukera ematen du. Informazio horixe bidaltzen dugu Milango idazkaritzara.

Gehien baloratu eta azpimarratu den arloa motibazioa izan da. Jaso diren komunikazioek zaletasuna piztu dute ikasleengan. Inon hasieran talderen batek ardura hartu bazuen ere, ostean ondokoak animatu egin dira programan integratuz. Aurkeztutako gaiei eta beren planteamenduari buruzko iritziak positiboak izan dira. Iharduerei dagokienez berriz, desberdinak dira; konplexuegiak batzuentzat eta interesgarriak, iradokitzaileak eta sinpleegiak ere bai beste batzuentzat. Edonola ere, baliagarriak dira daudenean erabiltzeko edo ideia hartuz moldatu edota iharduera alternatiboak eratzeko.

Norbaitek materiala astuna eta luzeegia izan dela esan badu ere, beste batzuek (eta hauxe da gure iritzia ere) besterik diote: aberatsa datu eta adibideetan eta baliagarria gaiari buruzko ikuspegia zabaltzeko eta beronen tratamendu zehatza bideratzeko. Bestalde egia da, orri gutxitan gauza asko sartu nahi denez, aurkezpena oso trinkoa gertatzen dela eta irakurketa zaildu egiten dela.

Datorren kurtsoan, lana hasi eta jarraitzeko asmoa duten ikastaldeek, kurtso honetan kide izan duen ikasgelarekin elkarlana mantenduz lan-proposamenari ekingo diote, bakoitzak bere erritmo eta plangintza eratuz.

1993-94 ikasturtean “Eskolatik Eskolara” nazioarteko programan hasi nahi dutenek ere, aukera izango dute. Uztailean edo irailean gurekin harremanetan jarri eta argitaratu den material guztia bidaliko zaizue kurtsoa planifika dezazuen. Italiako idazkaritzan gestioak egin ondoren kide suertatu zaizuen ikasgelaren berri ere emango zaizue. Hauxe da, beraz, programan parte hartu nahi duzuen guztioi bidaltzen dizuegun deia. Ondoren jadanik proiektuan parte hartzen ari diren ikasgelen eta arduradunen zerrenda ematen zaizue, kontsultaren bat egin nahi baduzue ere.

Hortaz eta bukatzeko, anima zaitezte zuen ekitaldi didaktikoetan saio hauek integratzera, nazioarteko programa honetan parte hartuz. Proiektu hau, inolako zalantzarik gabe, harremanak lantzeaz gain beste zenbait proiekturen abiapuntu izango da. Beste urrats bat izan dadila planetarekiko etika horren eraketan: “Pentsa eta eragina izan ezazu zure inguru hurbilean eta baita unibertsalean ere”.

Programan oraingoz parte hartzen ari diren ikastetxeen eta arduradunen izenak:

IkastetxeaHerriaArduraduna
Joannes Etxeberri I. P.
Barandiaran ikastola
Langile Ikastola
Hilarion Eslaba
Zubilleta I. P.
Emilia Zuazu I.P.
Kobeaga
Lea Artibai ikastetxea
San Ignacio, I.B.
Hondarribiako Institutua
Viteri
Jesus Obrero Institutu Politeknikoa
Ondarroako Batxilergo Institutua
Baztan Ikastola
Seminario Ikastetxea
ICE Deustu
Matiene Herri Eskola
Haurtzaro Ikastola
Garazi Herri Eskola
Lezo
Langraitz
Hernani
Burlata
Algorta
Santurtzi

Markina
Bilbo
Hondarribia
Errenteria
Gasteiz
Ondarroa
Elizondo
Derio
Bilbo
Abadiano
Oiartzun
Legutio
Rafael Aristegi Madrid
L. Fernando Araiko Ituren
Itziar Pagoaga Soraluze
Arrate Oianguren Txurruka
Esther Turienzo
Joseba Gabikaldekoa

Lourdes Sorozabal
Gloria de la Fuente
Arantza Rodrigez
Txomin Mendibil
Inmakulada Zudaire
Eduardo Zabala Caballero
Kepa Dendarieta Aristizabal
Xabin Arrizabalaga
Angelika S. Martin Zorrilla
J. C. Munecas Goikoetxea
Pio Perez Aldasoro
Jokin Axpe Izarra

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia