}

Nanozientziaren garapenari bai esan diote partehatzaileek “Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki” eztabaida-jokoan

2011/03/14 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa

Alh ndiga Bilbaok antolatuta, Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin, nanoteknologiari buruz eztabaidatzeko aukera izan dute herritarrek Bilboko Alhondegian. Han ateratako ondorioak Europan zabaldu dira, PlayDecide proiektuaren barruan. Lehengo aldia da Euskal Herrian horrelako ekimen bat egiten dena.
Nanoteknologiaz ikasi, eztabaidatu, iritziak konpartitu eta ondo pasatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek
Danel Solabarrieta

Alh ndiga Bilbaok "Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki" ekimena antolatu zuen larunbatean, Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin, 2011ko Kimikaren Nazioarteko Urtearen ospakizunen barruan. 30 pertsonek parte hartu zuten ekimenean. Nanoteknologiaz ikasi, eztabaidatu, iritziak konpartitu eta ondo pasatzeko aukera izan zuten. Parte-hartzaileak nanoteknologia garatzearen alde agetu ziren, eta, hori ondo egiteko, erregulazioa eta eztabaida publikoa sustatu behar direla eskatu zuten. Bilbon ateratako ondorioak Euopan zabaldu dira, gainera, www.playdecide.eu webgunearen bitartez, eta Europako beste herrialdeetan halako ekimenen bidez esandakoetara batu dira.

Eztabaida-joko bat izan zen saioaren ardatza. Parte-hartzaileak bi orduz aritu ziren nanoteknologiaz, eta, oro har, aurrerapen teknologikoaz, eta honek gizartean duen eraginaren inguruan: aukerak, arriskuak, beldurrak, neurriak, arduradunak, gizartearen perte-hartzea... halakoez eztabaidatu zuten, eta talde-ikuspuntua bateratzen saiatu ziren.

Dinamizatzaile batek gidatuta, eta fitxekin lagunduta osatzen da "Jokatu eta erabaki" ekimena
Danel Solabarrieta

Saioaren amaieran, emaitzak gehitu egin ziren beste PlayDecide saio batzuetan esandakoetara, eta, ondorioztatu ahal izan zen Alhondigan bildutakoek informazio eta eztabaida publiko handiagoa eskatzen dutela gainerako europarrek baino. Egindako saio guztien emaitzak proiektuaren webgunean ikus eta konpara daitezke.

Europako PlayDecide proiektuan oinarritzen da "Jokatu eta Erabaki" ekimena. Gizartean eztabaida piztea eta ondorioak entzun araztea da honen helburua. Horretarako, informazioaz gain, eztabaidarako eta adostasunerako ildoak ematen dituen jokoa proposatzen dute. Lehengo aldia da Euskal Herrian horrelako ekimen bat egiten dena.

Antolatzaileak pozik agertu dira saioaren emaitzarekin, eta gehiagotan egiteko gogoa erakutsi dute. Izan ere, parte-hartzaileak gogotsu aritu dira eztabaidan, eta hainbat adin eta profiletako pertsonak bildu dira Alhondegian. "Iritziak trukatu ditugu, ikuspegiak gerturatu ditugu, eta politika bat adosteko gaitasuna erakutsi dugu; ikasteko balio izan digu guztioi, azken batean" adierazi dute antolatzaileek.

Ekitaldiari buruzko informazio gehigarria, eta argazkiak Elhuyar Laborategiaren webgunean daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia