Musikak hunkitzen ez dituztenen kasua
2017/02/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Populazioaren % 3-5ak anhedonia musikala omen du. Horrela deitzen zaio musika entzutean emozioak sentitzeko ezintasunari. Pertsona horiek ez dute beste sintomarik; adibidez, gai dira musika-motak bereizteko. Horrenbestez, doinu jakin bat alaia ala goibela den esan dezakete, baina, hura entzutean, ez zaie inolako emoziorik pizten. Haientzat, soinu neutroa da musika.
Zientziaren ikuspegitik, anhedonia musikala oso fenomeno interesgarria da. Izan ere, musika unibertsala da, eta, eboluzioan, hitzaren aurrekoa dela uste da. “Emozioen hizkuntza” ere deitu izan zaio, lotura zuzena baitu emozioen transmisioarekin. Esaterako, mundu osoko amek abesten diete euren umeei, eta leku esanguratsua du erlijio-errituetan, ospakizunetan, eta kirol-, armada- edo politika-erakustaldietan.
Neurozientzialariek frogatu dute musika entzuteak eta jotzeak neurotransmisore batzuen maila modulatzen duela. Neurotransmisore horiek neuronen arteko komunikazioaz arduratzen dira, eta, beraz, eragin zuzena dute organismoan. Tartean dira serotinina, epinefrina, dopamina eta prolaktina. Horiek guztiek plazeraren mekanismoan parte hartzen dute; horrek azaltzen du, gehienontzat, musika plazer-iturri izatea.
Zer gertatzen da, baina, anhedonia musikala dutenengan? 2015ean egindako esperimentu batean, pokerrean jokatzen dirua irabazteak eta musika entzuteak eragiten zien emozioa alderatu zituzten. Eta frogatu zuten jokoan dirua irabaztean poza sentitzen bazuten ere, musikak ez ziela ezer eragiten. Horrek erakusten du plazera sentitzeko ezintasuna ez dela orokorra, musikara mugatzen dela. Dirudienez, anhedonia musikala dutenengan, musikaren prozesamenduaren eta plazeraren guneak konektatzen dituzten neuronen arteko loturak ohi baino ahulagoak dira.
Orain, Scientific reports aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean, pauso bat harago joan eta anhedonia musikala eragitea lortu dute, berez ezintasun hori ez zuten pertsonei. Horretarako, neuronetan opioideoen hartzaile batzuk blokeatzen dituen konposatu bat erabili dute, naltrexona.
Opioideo horiek gorputzak berak sortzen ditu, plazer-eragile den estimulu baten ondorioz. Besteak beste, jateak, sexu-harremanak izateak, kirola egiteak eta musikak sortzen dituzte opiodeoak. Naltroxona hartuz gero, ordea, musikaren ondorioz sortutako opioideoak ez dira neuronetara iristen. Horrenbestez, ezin plazerik sentitu, ezta norberaren musika gustukoena entzutean ere.
Ikertzaileen esanean, esperimentua lagungarria izan da anhedonia musikalaren oinarria ulertzeko, baina aitortu dute oraindik badituztela erantzunik gabeko galderak.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia