}

Monfragüe-ko parkea: Harrapakarien santutegia

1992/07/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estremaduran, Caceres probintziako iparraldean, Euskal Herritik 650 bat kilometrora, Monfragüeko parke naturala dago; Iberiar penintsulako eta, areago, Mendebaldeko Europako garrantzitsuena harrapakariei dagokienean. Guregandik aski hurbil egonagatik, ez da gure artean oso ezaguna. Europa osoko naturzale ugarik bisitatzen duten paraje horretan aurki daitekeenaren berri zehatza ematen da hurrengo lerrootan.

Erliebea, klima eta historia

J.L. Rodriguez

Monfragüeko natur parkeak 17.582 hektarea ditu. 1979.ean Parke Nazional izendatu zuten eta harez geroztik babestuta dago. Ibai-sakan luze eta zabala da, Tajo ibaiak zeharkatua. Mendizerra malkartsuz eta sastrakadi mediterraniarrezko baso itxiez nguratuta dago. Geologikoki, zoruak oso antzinakoak dira; Aurrekanbriarretik Siluriarrerartekoak, tertziario eta koaternarioak metaketak ere badituelarik. Batez ere arbel eta koartzitaz osaturik dago. Erliebea oso malkartsu eta koskatsua da, baina altitude handirik ez du (300 eta 570 m bitartekoak).

Parkea oso-osorik klima kontinentalaren eremuan dago, Atlantiar Ozeanoaren eraginak klima gogor hori apur bat leuntzen badu ere. Lau urtaroak ongi nabarmentzen dira: negua hotza da eta uda beroa (5 °C-ko batezbesteko tenperatura neguan eta 27 °C-koa udan). Udaberri eta udazkenean tenperatura epela izan ohi da. Plubiositatea urteko 600 eta 1.000 mm bitartekoa da.

Katamotz iberiarra, penintsulan galzorian dagoen espeziea. Parkean bizi bada ere, zail da ikusten; baso itxian gordetzen bait da.
J.L. Rodriguez

Harpe batean aurkitu diren labar-pinturengatik, jada Brontze Aroan gizakiak inguru haietan ehizatzen zuela jakin ahal izan da. Bisigodoek gaztelu bat eraiki zuten oraingo parkearen bihotzean, mendi baten gainean. Tarik (Tarik ibn Zijad) eta Muza (Musa ibn Nusair) buruzagi berbereek hartu zuten ondoren. Gaztelu horren harriek zutik diraute gaur egun. Musulmanen menpe egon zen garai hartan Al-Mofrag (malkarra) izena eman zitzaion inguruari eta hortik eratorri da Monfragüe, gaurko izena (Bide batez, esan dezagun parkearen barneko mandabideetako batek “Majada Vasca” duela izena, baina izen horren jatorria ezin izan dugu argitu).

Ekosistemak

Hiru ekosistema desberdin daude parkean: basoa, harkaiztegia eta ingurune urtarra. Hirurak dira biologikoki aberatsak eta aski egoera onean daude. Basoa da, ezpairik gabe, ekosistemarik baliotsuena; Tajo ibaiaren eskuinaldean dagoen 25 km luzeko laiotza batez ere. Izan ere, inguru hori gizakiak eraldatu gabe bait dago. Baso itxi hori gizakiak ezin du zeharkatu eta bertan bizi dira parkeko hiru espezierik ospetsuenak: katamotza, eguzki-arranoa eta sai beltza. Hirurak galzorian daude. Horregatik da hain garrantzitsua ekosistema paregabe hau.

Zikoina beltza espeziearen 9 bikote daude parkean. Harkaiztegian egiten du habia.
J.L. Calvo

Gizakiaren eragina iritsi den tokietan baso itxi honi sastraka kendu egin zaio eta larredia dago orain, baina jatorrizko espezie diren artelatz eta artea mantendu egin dira. Beraz, baso itxiaren ondoan, Estremaduran hain ugari diren angioak daude. Hala ere, parkearen barneko alde batzuetan lurra goldatu eta produktibitate handiagoa duten eukalitu inbaditzaileek ordezkatu dute jatorrizko basoa. Eukalitua da, suarekin batera, ekosistema hau mehatxatzen duen arriskua.

Harkaiztegia da bigarren ekosistema. Basoa bezain garrantzitsua ez bada ere, benetan ikusgarria da. Tajo ibaiak landutako hiru haizpitarte nagusi daude (handienak ia 300 m-ko altuera dauka ibaiaren mailarekiko), koartzozko bloke handiz osaturik. Bertan bizi dira sai arrea, sai zuria eta zikoina beltza. Hiru espezie hauek eta berauen habiak aise ikus daitezke, begi hutsez, parkea zeharkatzen duen errepide nagusitik bertatik.

Arrano Beltza da Mongrafüeko "izarretako" bat. arkaiztegian bizi da. Lau bikote bizi dira parkean.
Argazkia. J.L. Rodriguez

Hirugarren ekosistema Tajo eta Tietar ibaiek osatzen dute. Tietar ibaia Tajori parkearen erdi-erdian lotzen zaio. Bi ibaiok presa bana dute parkean bertan. Gainera, ibaian behera, parketik 30 bat km-ra, Tajoren ibilguan egindako Alcantarako presak sortu duen urtegia parkearen barreneraino iristen da. Guzti honen ondorioz, uraren maila parkean berezkoa baino altuagoa da.

Landaredia

Sai zuria benetan ikusgarria da. 16 bikote bizi dira Manfragüeko harkaiztegian eta, zeruan jira-biraka dabiltzala, erraz antzematen dira gainerako harrapakarien artean bere koloreagatik.
J.L. Rodriguez

Monfragüeko landaredia era askotakoa eta ikusgarria da. Parke barneko mikroklima desberdinek erabakitzen dute landare-espezieen banaketa geografikoa. Laiotzak hezeagoak eta eguzki gutxiagokoak dira. Hauetan hazten dira arbola eta sastraka handien eta mardulenak, baso trinko eta itxia eratuz. Laiotz hauetako espezie arrunt eta ugarienak artelatza ( Quercus suber ), gurbitza ( Arbutus unedo ), ametza ( Quercus faginea ), txilarra ( Erica sp. ) eta iparraldeko elorri zuria dira ( Crataegus monogyna ). Eguteretan berriz, beroa hobeto jasaten duten artea ( Quercus rotundifolia ), baso-olibondoa ( Olea sylvestris ), abaritza ( Quercus coccifera ), udaberrietan angioetako zoruak lore morez estaltzen dituzten izpiliku minak ( Lavandula stoechas ) eta erromeroa ( Rosmarinx officinalis ) dira arruntenak.

Fauna

Monfragüeko parkea faunagatik da ezaguna; kantitate zein kalitateagatik. Izan ere, iaz egindako azken espezie-erroldek desagertzeko arriskuan dauden espezien espezimen-kopurua emendatzen ari dela erakusten dute.

Parkeko animalietan ugaztunak dira ikusten zailenak, basoan ezkutatzen direlako. Garrantzitsuena katamotz iberiarra ( Lynx pardina ) da, baina ez da ugaria parkean. Gainera, basurdeak, oreinak, katajinetak, azeriak, basakatuak, untxeak eta soro-muxarrak daude. Ugaztunez gainera, beste animalia aipagarriak apoarmatu korrontezalea ( Mauremis caspica ), eskailera-sugea ( Elaphe scalaris ), gardatxoa ( Lacerta lepida ), apo arrunta ( Bufo bufo ) eta hegoaldeko zuhaitz-igela ( Hyla meridionalis ) dira. Arrainetan hamabost bat espezie daude, aipagarrienak karpa ( Cyprinus carpio ) eta barbo iberiarra ( Barbus comiza ) direlarik.

Sai beltza da Monfragüeko harrapakaririk ugariena. Etengabe aritzen dira hegaka, zeruan zirkulu zabalak marraztuz, harkaiztegiaren gainean.
J.L. Rodriguez

Baina harrapakariak dira, zalantzarik gabe, parkeko “izarrak”. Gainera, asko daude eta ez dira ezkutatzen. Nahi gabe ere ikusten dira Monfragüeko zeruan zelatari, jira-biraka planeatuz, lotsagabe eta dotore. Sai beltza ( Aegypius monachus ) espeziearen Europako koloniarik handiena bizi da bertan (232 bikote). Bestalde, sai arrea ( Gyps fulvus ) espeziearen kolonia ere oso handia da (321 bikote). Gainera, eguzki-arranoa ( Aquila heliaca adalberti ) (6 bikote), sai zuria (Neophron percnopterus) (16 bikote) eta arrano beltza ( Aquila chrysaetos ) (4 bikote) dira espezierik ikusgarrienak. Hauekin batera, arruntago diren Bonelli arranoak, belatz handiak, hontza handiak, arrano sugezaleak eta miru beltzak ere ikus daitezke.

Hegazti ez harrapakarietan zikoina beltza ( Ciconia nigra ) da garrantzitsuena (9 bikote) eta hegazti txikiagoetan mika urdina ( Cyanopica cyanus ).

NORA JOAN ETA ZER IKUSI

Monfragüeko parkera iristeko, Caceres hiriburutik, Plasenciatik eta Navalmoral de la Matatik abiatzen diren errepideak erabil daitezke. Parkearen barnean herriska bakar bat dago: Villarreal de San Carlos. Bertan dago informazio-bulegoa, taberna, jatetxea eta kanpindenda jartzeko tokia. Bertatik abiaturik oinezko zenbait ibilaldi egin daitezke parkeko txokorik interesgarrienak ezagutzeko (ibilaldi guztiak motzak dira, 2-3 ordukoak. Harrapakariak eta zikona beltza ongi ikusi ahal izateko, gutxienez prismatikoak behar-beharrezkoak dira). Gainera, parkearen inguruko herrietan (Torrejon el Rubio eta Malpartida de Plasencia dira hurbilenak) ostatuak eta bestelako zerbitzuak badaude. Halaber, C-524 errepidearen ondoan Monfragüeko kanpina dago, eraiki berria, Empalme-Monfragüe izeneko tren-geltokiaren ondoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia