}

Monarka tximeleten ordulari biologikoa

2003/05/23 Elhuyar Zientzia

Negua hasi aurretik, monarka tximeletak Estatu Batuetako iparraldea eta Kanada utzi eta Mexikoko oihanetarantz abiatzen dira, negua pasa eta udaberrian ugaldu ahal izateko. Lau mila kilometroko bidaiaren zikloa lau-bost belaunaldiz behin osatzen da, hau da, Mexikorantz abiatzen diren tximeletak toki ezezagun baterantz abiatzen dira, baina, hala ere, ez dira bidean galtzen.

Ikertzaileak ia ziur daude eguzkiaz baliatzen direla norabidea jakiteko, baina ez dakite nola doitzen duten egunero norabide hori, eguzkiaren posizioa aldatu ahala. Sekretua ordulari biologikoa erregulatzen duten geneetan dagoela uste dute. Izan ere, eguzkiaren argiaren arabera gehiago edo gutxiago espresatzen den gene bat detektatu dute monarka tximeletetan. Hipotesia egiaztatu nahian, monarka tximeleta batzuk propio diseinatutako hegaldi-simulagailuetan sartu dituzte.

Han barruan, argi/ilunpe zikloekin jokatu dute, ziklo desberdinen pean izandako tximeleten jokabidea aztertzeko, eta emaitzak deigarriak izan dira. Udazkeneko eguzki-zikloaren pean egon zirenak, simulagailutik ateratakoan, hego-mendebalderantz abiatzen ziren, Mexikorantz. Eguzki-ziklo laburragoen pean egon zirenak, berriz, hego-ekialderantz abiatzen ziren eta denbora guztian argiaren pean egondakoak zuzenean eguzkirantz.

Argazkia: David Weaver/Science

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia