}

"Modu ordenatuan, medikuntza naturalak eta akademikoak gaixotasunaren agertokia banatu behar dute"

2001/07/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Medikuntza naturalean metodo zientifikoa erabili beharra aldarrikatu zuen EHUko Farmazia Fakultateko Pedro Manuel Ramos Calvo irakasleak atzo.

Medikuntza naturalean zer den onuragarria, zer kaltegarria, zer alferrikakoa... aipatu zituen Pedro Ramos irakasleak atzo. Tratamendu naturaletan farmakologikoetan bezala jokatu behar dela esanez hasi zuen ‘Medikuntza naturala: argiak eta itzalak’ hitzaldia; hau da, edabe bat erreumarentzat ona dela esateko ebidentziak eduki behar direla, eta erreakziobidea, dosiak eta albo-ondorioak ezagutu. Hitz bitan, medikuntza naturalaren oinarrian metodo zientifikoa egotea funtsezkoa dela azpimarratu zuen.

Soja, oliba-olioa, Santiago belarra, arrain urdina eta Txinako sendabelarrak banan-banan eta pausoz pauso aztertu zituen. Soja, adibidez, oso modan dago bai gizartean eta bai ikerketa-munduan ere. Odolaren zirkulazioa hobetzen du, menopausiaren sintomak murrizten ditu, hezur-ehuna babesten du, bularreko eta umetokiko minbizia izateko arriskua txikitzen du eta, tximinoetan ikusi denez, Alzheimer-a izatekoa ere bai. Sojak dituen fitoestrogenoak (isoflabonak) eragin positibo horietako gehienen erantzule direla ikusi da, eta isoflabonazko pilulak erruz saltzen dira. Baina isoflabonez gain, soja naturalak zuntza du, genisteina izeneko konposatua du eta beste osagai asko ditu. Zuntzik gabe soja ez da hain eraginkorra zirkulazioa hobetzeko, eta genisteinarik gabe tumoreen kontrako babesa ahultzen zaio. Beraz, isoflabonazko pilulak ez dira sinistarazi nahi zaigun bezain onuragarriak, soja naturala da benetan balio duena.

Baina zenbateraino? Zenbat soja hartu behar da egunean? Albo-ondoriorik ba al du? Medikuntza naturalak galdera horien erantzuna ere bilatu behar duela azpimarratu zuen Pedro Ramosek. Adibidez, genisteinak zelulen ugalketa oztopatzen du, eta, hain zuzen, minbiziaren aurkako eragina hortik datorkiola uste da. Baina genisteina asko hartzen bada, zelulen ugalketa abiadura maximoan gertatzea komeni den egoeretan oztopoa izan daiteke, anemia kasu. Horregatik, soja ez da nolanahi hartu behar.

Soia bezala besteak ere

Hitzaldiaren zati garrantzitsuena sojari eskaini bazion ere, oliba-olioa, Santiago belarra, arrain urdina eta Txinako sendabelarrez ere aritu zen, ildo beretik. Zein eragin onuragarri duten azaldu, horren inguruko ikerketak aipatu, albo-ondorioak aztertu eta dosiak zehaztu.

Santiago belarra, adibidez, depresio arinak tratatzeko oso eraginkorra dela frogatu da. Ohiko tratamenduak bezain emaitza onak ematen ditu eta albo-ondorio gutxiago du, baina depresioa larria denean guztiz alferrikakoa da. Arrain urdina, bestalde, onuragarria izan dadin frijituta ez beste, edonola jan behar dela esan zuen. Medikuntza naturalaren analisi zientifiko serioa izan zen atzokoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia