}

Mingaina: behi eroen gaitzaren ezkutaleku?

2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamsterrekin egindako ikerketa batean, behi eroen gaitza eragiten duten prioiak mingainean metatzen direla ikusi da. Hortik ondorioztatu dute ikertzaileek behietan ere gauza bera gertatzeko arriskua egon daitekeela.

Journal of Virology aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Ikertzaileek prioiak injektatu dituzte hamsterren garunetan, eta prioiak mingainera joan eta bertan metatzen direla ikusi dute. Zientzialariek ez dakite behietan ere halakorik gertatzen den ala ez, baina badaezpada ere aztertu egin beharko litzatekeela uste dute.

Izan ere, Europan debekatuta dago behien garuna eta bizkarrezur-muina jatea, prioiak eduki ditzaketelako. Baina mingaina ez da arriskutsutzat jo; beraz, gainerako giharrak bezala, harategietan saltzen da. Orain, behien mingainetan prioiak dauden ala ez ikustea proposatzen dute ikertzaileek, eta, egonda ere, gaitza transmititzeko arriskurik dagoen ala ez ere ikertu beharko dela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia