Landareentzat kaltegarriak diren onddo eta bakterioen onurak


Landareentzat kaltegarriak diren onddo eta bakterio askok landareen hazkuntza sustatzen duten konposatuak igortzen dituzte, Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek frogatu dutenez. Nekazaritzan landareen errendimendua hobetzeko balio dezake aurkikuntzak, ohiko tratamendu kimikoen alternatiba gisa. Emaitzak bi artikulutan argitaratu dituzte, Plant Cell & Environment eta Plant Physiology aldizkarietan.

“Ikerketa honek lehenengo aldiz proposatzen du ‘Zomorro txarrak, langile onuragarriak’ kontzeptua” azaldu du Javier Pozueta ikertzaileak. Ezagutzen zen mikroorganismo onuragarri batzuek hazkuntza sustatzen duten konposatu hegazkorrak igortzen dituztela. Baina beste mikroorganismo askok ere, tartean bakterio eta onddo kaltegarriek, halako substantziak igortzen dituztela ikusi dute ikertzaileek.

Agrobiologia Instituko Karbohidratoen Metabolismoko ikerketa-taldea. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Goizeder Almagro, Kinia Ameztoy, Francisco Carreto, Pablo García, Ángela Sánchez, Rosa Navarro eta Oihana Cabodevilla. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Francisco José Muñoz, Javier Pozueta, Adriana Ricarte eta Abdellatif Bahaji. Edurne Baroja eta Marouane Baslam falta dira.

“Substantzia horiek detektatzean, landareak eraso bat balitz bezala hartzen du, eta lehenbailehen hazteari ekiten dio, lehenbailehen ugaldu ahal izateko”, azaldu du Pozuetak. Hala, gizakiaren ikuspuntutik positiboa den erantzun bat lortzen da.

Erantzun horretan parte hartzen duten mekanismo biokimikoak aztertu dituzte argitaratu dituzten bi lan horietan. Eta frogatu dute mikoorganismoek igorritako konposatuek areagotu egiten dutela landareen hazkuntza, loratzea, eta erreserba-substantzien metatzea. Pozuetaren ustez, ahalmen handiko substantzia bioestimulagarrien harrobi garrantzitsu bat dira mikroorganismo ez onuragarriak, “aztertu gabeko harrobia, eta etorkizun handikoa”.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna