}

Metanoa eta arroza

1999/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Metanoa (CH4) da gas karbonikoaren (CO2aren) eta freoien ondoren Lurra berotzean gehien eragitenduen gasa. Azken mendeko tenperatura-igoeraren % 20aren erantzule dateke. Izpi infragorriak xurgatzeko duen gaitasunak beroketarako ahalmen handia ematen dio, baina gainera, atmosferak troposferako poluitzaileak oxidatzeko duen gaitasuna murriztu egiten du.

Metano atmosferikoaren jatorria biologikoa da ia erabat, % 70 inguru giza jarduerak sortutakoa. Baina guztiaren % 20-24 arroz-soroetan sortzen da, bertako baldintzak anoxikoak baitira oso. Kilo arrozeko 120 gramo metano sortzen da.

Gainera, hurrengo 30 urteetan, arroz-ekoizpena % 60 emendatuko dela aurreikusten dute. Hori guztia dela eta, arroz-soroetan ekoitzitako metano-kantitatea murriztu beharra ikusi da eta horretarako ikerketetan dabiltza Institut International de Recherche sur le Riz (IRRI) delakoan.

Orain arteko emaitzek irtenbidea aldikako drenajea izan daitekeela erakutsi dute, arrozaren zikloan zehar putzuak bitan hustuz gero % 80 metano gutxiago aireratzen baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia