Medikuntza-aldizkariek ez dute beti egia osoa esaten
2002/06/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Darmouth Medikuntza Eskolako zientzialariek bederatzi medikuntza-aldizkariren jarduna aztertu dute ( Annals of Internal Medicine, British Medical Journal, Circulation, Journal of the American Medical Assotiation, Journal of the National Cancer Institute, The Lancet, Pediatrics, Annals of Surgery eta New England Journal of Medicine ). Guztira 127 albiste aztertu dituzte, eta % 23an gabeziak sumatu dituzte. Informazioa zehatza ez izateaz gain, emateko erak gehiegizko itxaropena pizteko bidea irekitzen omen du. Gainera, ikerketa batzuk industriak ordaindutakoak izaten dira, baina horietatik % 22k besterik ez dute halakorik ohartarazten.
Bestalde, 1998an izandako bost medikuntza-batzarri buruzko berriak prentsa orokorrean nola azaldu ziren aztertu du ikertzaile-taldeak. Batzar horietan egindako aurkezpenen % 27 egunkari baten edo gehiagoren azalean azaldu zen, esperimentuak zein fasetan zeuden kontuan hartu gabe.
Izan ere, batzar zientifikoen xedea beste kideei lan berriak aurkeztea da. Lan horiek askotan hastapenetan egoten dira; beraz, ez da harritzekoa batzuek emaitza txarrak ematea denborarekin. Hori dela eta, kaltegarria da prentsak lanak bukatutzat edo baliagarritzat ematea, itxaropen faltsuak pizten baitira. Bide batez, ikertzaileek eskatu dute bai aurkezleek bai prentsako arduradunek ikerketak lehen faseetan daudela argi uztea, eta lortutako emaitzak behin-behinekoak direla azaltzea.
Azkenik, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile-taldeak 1989-1998an bost medikuntza-aldizkarik argitaratutako 359 artikulu aztertu ditu ( Annals of Internal Medicine, British Journal of Medicine, Journal of American Association, The Lancet eta New England Journal of Medicine ). Artikulu horiek tratamendu berriei buruzkoak ziren, eta aditzera eman dutenez, emandako datuak ez dira nahikoak. Are gehiago, gehienetan aldeko estatistikak besterik ez dituztela agertzen salatu dute. Nonbait, informazio osagarria ezkutatzen dute, eta, ondorioz, erabiltzaileek okerreko tratamendua aukeratzeko arriskua dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia