}

Matilde asteroidearen kraterrak

2000/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Matilde 1997an aurkitu zuen NEAR (Near Earth Asteroid Rendezvous) espazio-ontziak. Inoiz aurkitutako asteroide zaharrena da, 53 km-ko diametroa du eta oso dentsitate txikia; asteroide porotsua da, beraz. Baina Matilderen ezaugarri harrigarriena eta interesgarriena dituen 5 kraterrak dira (handienak 33 km-ko sakonera du), horien ezaugarriak ez baitatoz bat kraterren sorrerari buruzko teoriekin.

Kraterrak talka bortitzen ondorioz sortzen dira, talkaren eta askatutako energiaren eraginez, materia espaziora jaurtikia denean. Baina talka bortitz horiek arrastoak uzten dituzte kraterren inguruan eta, asteroidetik jaurtikitako materiaren zati bat, asteroidera erortzen da bueltan eta kraterraren inguruan pilatu. Matilde-ren kraterren inguruan ordea, ez dago halako aztarnarik. Hori azaldu nahian, Washintong-eko Unibertsitateko Kevin Housen-ek teoria berri bat plazaratu du. Laborategian egindako simulazioen emaitza estrapolatu eta Matilderen kraterrak azaleko materiaren konpresioz sortu direla esan du. Talkan sortutako energiak ez luke materia espaziora jaurtikiko; alderantziz, asteroideak barnerantz zurgatuko du azaleko materiala eta horrela kraterra sortu. Horregatik ez dago azalean lehen aipatutako arrastorik, materia jaurtiki ordez zurgatu egiten delako.

Portaera berezi horren erantzulea asteroidearen porositatea litzateke. Erik Asphaug Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileak, berriz, beste era batera azaltzen du azaleko arrasto-falta: laborategian egindako simulazioak darabiltza hark ere eta, gorputz porotsuetan gertatzen diren talken ondorioz materiala oso abiadura handiz jaurtikia izan daitekeela ikusi du. Hala, material hori ez da berriz asteroidearen gainera eroriko eta ez da arrastorik geratuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia