}

Materialen zientzia eta material nanoegituratuak

2002/11/21 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zamudioko Parke Teknologikoa izan da Saretek-ek antolatutako Zientzia eta Teknologiaren Asteko 4. egunaren topagunea. Bi zatitan banatu da gaurko jarduna eta, lehenengo materialak eta gero, automozioa eta eraikuntza izan ditu mintzagai. Hitzaldiak amaitzean Acería Compacta Bizkaia enpresara bisita egiteko aukera izan dute parte-hartzaileek.
Vicente Sanchez Galvez-ek materialek gizakiaren bilakaeran izan duten eraginaz mintzatu da

Materialen gainean egin diren hitzaldietan entzule izan gara gaur ere. Vicente Sánchez Gálvez jaunak Madrileko Unibertsitate Publikoko errektoreordeak eman du lehenengo hitzaldia. Bigarrena TECNUM Goi Ingeniaritza Eskolako irakasle Javier Gil Sevillanok eskaini du.

Materialak eta gizakia

Vicente Sánchez jaunak, Zientziaren Astearen helburuei zintzo erantzunez, hitzaldi atsegin, interesgarri eta informatzailea eman du. Entzuleei materialen eta gizakiaren arteko elkarrekintza historian zehar nolakoa izan den azaldu die, materialen zientzia eta ingeniaritza zer diren, zer suposatu duen gizakiarentzat arlo horrek eta zein den zientzia horren etorkizuna XXI. mende honetan.

Materialek gizakiaren bilakaeran garrantzi izugarria izan dutela esan du Vicente Sánchez jaunak, eta horren erakusgai dira orain arteko historiako hainbat aroren izenak, Brontze Aroa, Burdin Aroa, etab.

Materialen zientzia, nahiz eta zaharra iruditu, XX. mendeko ezagutza da. Ordu arte ez baitzuten metodo zientifikoa aplikatzen materialekin egiten ziren saioetan. Ordutik aurrera, ordea, gizakia gai izan da, materialen egitura eta portaerak ezagututa, material berriak diseinatzeko. Ezagutza zientifiko hori, beraz, lehenengoz, aplikazio zehatzetarako beharrezko diren materialen diseinuan aplikatu da.

Esparru berriak bilakaera izugarria izan du XX. mendean, eta hainbat adibide aurkeztu ditu Sánchez-ek hitzaldian. Hala nola, polimeroak, supereroaleak, superaleazioak, zuntz-optikoak, fusio-erreaktoreak, inplanteetarako materialak, material zeramiko berriak eta konpositeak aipatu ditu. Horiekin guztiekin lotuta, hainbat adibide aipatu ditu eta bakoitzak bere arloan dituen aplikazioak azaldu dizkigu.

Etorkizunean zientziaren atal honek egin litzakeen aurrerapausoak aurreikusteko garaian Sánchez jauna zuhur agertu da, bere esanetan, ez baitago jakiterik zer gertatuko den. Hala ere badu, hainbat gauza lortuko direnaren esperantza. Horien artean, giro-tenperaturan supereroale diren materialak, tenperatura altuagoak jasango dituzten materialak —abioi suborbitalentzat esaterako—, zuntz erresistenteagoak,— kasu honetan armiarmaren sarea dute eredu—
eta materialen birziklapeneko aurrerapausoak aipatu ditu. Sánchez bera geroz eta gutxiago fabrikatu eta gehiago berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldekoa da, eta arlo horretan lan egitera animatu ditu egungo gazteak.

Tamainak axola duenean

Bigarren hitzaldia Javier Gil TECNUM-eko irakaslearen eskutik heldu zaigu. Gil jaunak material nanoegituratuei buruzko hitzaldi teknikoa eskaini du. Historian atzera eginda, Leonardo Da Vinci eta Galileok egindako hainbat aurkikuntza aipagai hartuta, material nanoegituratuen bi oinarri azaldu ditu: materialen gogortasuna tamainaren araberakoa da eta hauskortasuna ere tamainaren baitan dago.

Javier Gil TECNUM-eko irakasleak material nanoegituratuei buruzko hitzaldia eskaini du.

Baina zer dira material nanoegituratuak? Barne-egitura nanometrikoa duten solidoak dira; hau da, materialaren ale txikiena hainbat nanometrotakoa denean, material nanoegituratu deritzo. Material horiek guztiak ezagutu eta erabiltzen genituen, baina orain arte ez genekien nanoegituratuak zirenik.

Ondoren material horien ezaugarriei erreparatu die eta barne-egituraren azalpenak eman ditu. Egitura horretan dago, hain zuzen ere, material nanoegituratuen ahalmena. Materialek dituzten barne-egiturek oso egonkor bilakatzen dituzte eta, gainera, oso onak dira beste material batzuekin nahasteko. Hori dela eta, erresistentzia handiagoa dute, metalen eta zeramikaren ezaugarriak elkartu daitezke eta, agian, superplastikotasuna lor daiteke.

Gil-ek esan duenaren arabera, ordea, badute zailtasunik,
fabrikazio-prozesu eta material berrien azterketa egiteko tresna oso konplexuak erabili behar baitira. Hori guztia aplikazio anitzei erantzun hobeak emateko, adibidez: erreminta gogorrago eta erresistenteagoak lortzeko, material zeramiko, biomediko, magnetiko berriak lortzeko, hidrogenoa biltegiratzeko materialak sortzeko eta beste.

Azkenik, zientzialari batek esandakoak aintzat hartuz, material nanoegituratuekin gizakiak sortutakoak eta naturak egindakoak bat egiten dutela esan du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia