}

Eragozpenak badituzten arren, maskarak eraginkorrak direla frogatu dute

2021/01/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

maskaren-eraginkortasunari-buruzko-datuak-argitara
Arg. Ben Kerckx, Pixabay

COVID-19aren kudeaketan, hasieratik eztabaida piztu zen maskarekin; batez ere, ez erabiltzeko gomendioa eman zutelako pandemiaren hastapenean. Orduan ez zegoen onura eta kalte potentzialen inguruko ebidentzia zuzen eta behin betikorik birus honekin, baina pandemia luzatu ahala, sortu da literatura zientifikoa, eta hura aztertuta, maskaren inguruko review bat argitaratu du Annals of Internal Medicine aldizkariak.

Ikerketek erakutsi dute maskarek, batez ere, kutsatutako pertsonek birusa besteei transmititzea saihesten dutela; baina hainbat azterketek iradokitzen dute nolabaiteko babes-efektua ere badutela. Kanadan, esaterako, badirudi % 25 murriztu zutela transmisio komunitarioa maskarek. Hala ere, zientzialariek onartu dute zaila dela emaitza sendoak lortzea, etikoki oso eztabaidagarria bailitzateke hori aztertzeko esperimentu sozial handi bat diseinatzea, gaur egungo testuinguru pandemikoan.

Aerosolak

Gero eta argiago dago aireko zer partikulen bidez gertatzen den birusaren transmisioa pertsonatik pertsonara. SARS-CoV-2 birusa gizakietan ezagutzen duen hartzailea ahoko eta sudurreko mukosan, arnas bideetan zein biriketan azaltzen da; hortaz, horiek dira infekzio-sarrera nagusiak. Infektatuta dagoen pertsona batek hitz egiten duenean, gasezko hodeia zabaltzen du, eta aireko partikula horiek tamainaren arabera barneratzen dira ingurukoen arnas aparatuan: tantatxoak (100-200 mm), tamaina handikoak izanik, ahoko eta sudurreko mukosetara iristen dira eta haiek infekta ditzake; aerosol inhalagarriak (10-100 mm) sudurreraino eta faringeraino inhalatu ohi dira, barrurago iritsi gabe; aerosol torazikoak ( 5-15 mm) arnas aparatuan barrurago sartzen dira, trakeara eta bronkioetara iritsita; eta arnas aerosolak (2,5-5 mm) arnasbide txikienetaraino iristen dira, albeoloetaraino.

Hainbat ikerketaren arabera, aerosolekiko iragazte-propietateak desberdinak dira maskara-motaren arabera. Ebidentziek diote maskara medikoak oihalezkoak baino eraginkorragoak direla, batez ere barrutik kanporako iragazketan, baina kontuan hartzeko moduko ingurumen-arazoa sortzen ari dira, polimero ez-birziklagarriez eginda daudelako.

Maskaren arazoak kulturalak ere badira

Maskarek jende askorengan deserosotasuna, arnasa hartzeko zailtasun subjektiboa, erreakzio alergiko txikiak, buruko mina eta komunikatzeko zailtasunak eragiten dituztela onartzen dute ikertzaileek, baina ez dago desoreka fisiologiko edo osasun-arazo larririk sortzen dutela erakusten duen ebidentziarik: klinikoki ez da esanguratsua nola eragiten dioten gasen elkartrukeari, atsedenean dauden pertsona osasuntsuen artean, behintzat.

Maskaren erabileraren ondorio psikologikoei dagokienez, hiru giza behar unibertsal baldintzatzen dituela adierazi dute: autonomia (norberaren ekintzak askatasunez aukeratzeko gaitasuna), harreman psikologikoa (besteekin sozialki lotura estua dugula sentitzea) eta pandemiari aurre egiteko eraginkorrak garen sentipena. Horiek guztiak, neurri batean, kulturalak direla uste dute, herrialde batetik bestera aldatzen baita pertzepzioa. Mendebaldeko herrialdetan, esaterako, maskara nahitaez erabiltzeak harremanak baldintzatu eta autonomia mehatxatzen duen sentsazioa dago, eta horrek politika horien aurkako erresistentzia sortzen du. Ekialdeko herrialdetan, ordea, ez du halakorik sortzen. Batzuetan, hango herritarraren konformismori edo izaera kolektibo handiagoari egozten zaio, baina antropologoek diote maskara erabiltzen dutela, ziurgabetasunaren aurrean, kontrol-sentsazioa berreskuratzeko; nolabait, kutsatuta dagoenari muga ezartzeko. Hortaz, ekialdean, maskara erabiltzeak handitu egiten du autonomiaren, kidetasunaren eta eraginkortasunaren sentsazioa, murriztu beharrean.

Gomendioak

Zientzialarien arabera, pandemiaren mehatxua igaro arte, gomendagarria da maskarak erabiltzea transmisio-arrisku handiko egoeretan eta inguruneetan, bereziki aireztapena eskasa den lekuetan eta pertsona asko elkartzen direnean. Gomendioak bat egiten du, beraz, Osasunaren Munduko Erakundeak proposatutakoarekin. Izan ere, COVID-19az gaixotzen direnak isolatu egiten dira, baina kalkulatu da birusa duten pertsonen artean % 20-30 asintomatikoak direla, eta beste hainbeste presintomatikoak. Horiek birusa ez zabaltzea da maskarek betetzen duten funtzio nagusia.

Alabaina, onartu dute askatasun pertsonala urra dezakeela erabilera nahitaezkoa den kasuetan, eta ez dela erraza komunikazio-beharrak eta transmisio birala murrizteko beharra orekatzea. Adibidez, maskara gardenek ezpainak irakurtzen eta aurpegia ikusten uzten dute, baina ez dira eraginkorrak iragazketan. Hortaz, premiazkoa ikusten dute gutxiago kaltetuko duten eta, aldi berean, erosoagoak eta eraginkorragoak diren maskarak ikertu eta eskura jartzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia