}

Marea beltzaren azpiko kontuak

2002/12/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Petrolio-ontzi asko hondoratu dira azken urteetan, baina Prestige ontziaren kasuak aurrekoek baino oihartzun handiagoa izan duela ematen du.

Benetan horrela izan bada, asko pozten naiz. Alde batetik, politikoki eta soziologikoki izan ditzakeen ondorioengatik, eta bestetik, zientziaren hainbat gabezia ere barrutik astin ditzakeelako.

Gabezia horietako bat itsasoaren ikerketa da. Ustez, asko dakigu itsasoari buruz, baina arazoak izaten direnean, eztabaida latza sortzen da adituen artean. Horixe gertatzen da arrantzari mugak jarri ala ez jarri aztertzen denean eta estatu batzuek baleak harrapatzen jarraitzen dutenean.

Eta horixe gertatu da Prestige ren kasuan. Istripua gertatu eta segituan, lehen erabakia hartu behar zen. Zer zen hobea? Itsaso zabalera eramatea ala porturatzea? Badakigu zein izan zen erabakia eta zein ondorioa. Eta aditu batzuk erabaki horren alde eta beste batzuk kontra azaldu dira. Baina ez hori bakarrik.

Ondorioa ikusita ere, aditu batzuek ez dute uste ekologikoki hondamen larria izan denik, Paul Kingston eskoziarrak, adibidez. Bere ustez, ekosistema berriz osasuntsua izango da han bizi diren izaki guztiek jarduera berreskuratzen dutenean.

Ron Heintz estatubatuarra, ordea, ez dago ados: berak frogatu du
fuel-olioaren osagai askok arrainen arrautzetan deformazioak eragiten dituztela.

Orain arte gehien zabaldutako teoriaren arabera, olioak ez die asko eragiten arrainei, baina ikerketak bentzenoarekin eta toluenoarekin soilik egin dira, eta petrolioak beste osagai asko ditu. Esate baterako, inork ez daki zein den hidrokarburo aromatiko poliziklikoen benetako eragina.

Beraz, agian agintariek berriz pentsatu beharko lukete zientziarako diruaren banaketa nola egin. Itsasoa ikertzeak ezinbestekoa dirudi. Eta gehiegi eskatzea ez bada, beste gogoeta bat ere egin nahi dut nik hemen: hegazkin militar bat mantentzeko behar den diruarekin
arrain-populazio asko iker daitezke.

Herri Irratiarentzat prestaturiko iritzi-artikulua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia