}

Mantxa-ko tunela zulatua jadanik

1991/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iazko abenduaren batean Mantxako Kanalean itxaspean langile frantses eta britainiar batek elkarri eskua eman zioten. Ospakizun ofiziala aurtengo urtarrilaren 25ean egitekoa da, bertan François Mitterrand eta John Major estatuburuak izango direlarik.

Ezaguna denez, Mantxako itsas hondoa baino 50 metro beherago hiru tunel paralelo zulatzen ari dira. Erdikoa edo zerbitzukoa da orain amaitu berri dutena eta Britainia Handia eta Frantzia trenez lotzeko beste bi tunelak aurtengo udan erabat zulatuta edukitzea espero dute. Gero bertan Parisetik eta Londresera 1883.eko udan hasiko dira abiadura handiko trenak atzera eta aurrera eta bi hiriburuen arteko bidaia hiru ordutan egin ahal izango da.

Tunel barnean trenak bakarrik ibiliko dira eta trenen barruan eramango dituzte automobil eta kamioiak. Bidaiariak beren automobilaren barnean joango dira.

Hiru tunel paralelo horiek 50na kilometro luzekoak dira, nahiz eta itsaspean 38 kilometro izan. Kontinente aldetik Sangatte herrian dago hiru zuloen hasiera eta Folkestone-n, irlan, amaiera.

Erdiko tunela da orain amaitu berri dena. Duela hiru urte hasi ziren mutur banatatik Brigitte eta Robbins (Sangattetik eta Folkestonetik hurrenez hurren) izeneko makina zulatzaile erraldoiak lanean. Ia sei metro diametroko burua biratuz aurreratu da Brigitte. 470 tona pisatzen zituen laserrez gidatutako, eta 250 metro luzeko makina honek. Satelitez hartutako neurriei esker, bi aldeetako zuloak elkartu direnean 50 kilometroan ardatz arteko diferentzia 50 zentimetrokoa besterik ez da izan.

Makinak aurreratu ahala, zuloa hormigoizko eraztunez babesten da (guztira 700.000 izango dira), bakoitzak berrogei tona pisatzen dituelarik.

Obretan istripuz gertatutako zazpi heriotzak alde batera utzita, kostu ekonomikoa ere gora joan da. Hasieran aurrekontua 47.000 milioi frankokoa (850.000 milioi pezetakoa) bazen ere, obrak amaitzerako kontua 85.000 milioi frankoraino (bi bilioi t’erdi pezetaraino) igoko dela espero da. Izan ere urtero bertan ibiltzea espero diren 28 milioi bidaiariak babesteko uste baino segurtasun-neurri handiagoak hartu behar izan bait dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia