}

Malariaren aurkako txerto bat hobetzeko ikerketa irabazle Tesien Sarian

2004/06/17 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Angel Montero Carcabosoren " Lecciones nuevas con una vieja vacuna " lana izan da Basque Research atariak antolatutako Tesien Sariaren irabazlea. Erabiltzaileen Saria, berriz, Pedro Ilundain Aranburuk eskuratu du " Producción de pinturas vinílicas y acrílicas ecológicas " lanarekin.
Pedro Ilundain Erabiltzaileen Sariaren irabazlea eta Angel Montero Sari Nagusiaren irabazlea.

Amaitu da dagoeneko Basque Research atariak antolatutako Tesien Saria. Guztira 40 lan aurkeztu dira sarietara aurten, eta, horien artean, epaimahaiak Angel Montero Carcabosoren lana hautatu du aho batez. Lan hori izan da, epaimahaiaren ustean, dibulgazio-lanik onena.

Epaimahaiak irizpide hauek erabili ditu lanak baloratzeko: izenburua egokia eta erakargarria izatea, idazkera, tesiaren muina argi adieraztea, terminologia teknikoa erraztea, eta, azkenik, hizkuntza batean baino gehiagotan egindako dibulgazio-ahalegina eta gaiaren interesa. Irizpide horiek kontuan izanda, lanak 0tik 100era puntuatu dira, eta, batez ere, idazkerari eta tesiaren muina ongi helarazteari eman zaio garrantzia, gaia edozein delarik ere.

Irabazlearen lanak malariaren aurkako txerto batekin egindako ikerketa agertzen du, ikerketaren aurrekariak, egindako lana eta ondorioak aurkezten ditu. Ikertzaileak Gasteizko Farmazia Fakultatean egin du ikerketa, eta edozeinek ulertzeko eran agertzen du tesiaren muina. Angel Montero Carcabosok, beraz, sari nagusia jasoko du, ordenagailu eramangarri bat.

Patarroyoren txertoa hobetzeko ikerketa

Angel Monterok malariaren aurka Manuel Patarroyo ikertzaile kolonbiarrak garatutako txerto bat aztertu du. Txerto hori 90eko hamarkadan garatu zen, baina saio klinikoetako emaitzak ez ziren uste bezain onak izan. Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeak atzera bota zuen txertoari emandako babesa.

Ikertzaile kolonbiarrak, orduan, txertoa hobetzeko ahaleginetan, Euskal Herriko Unibertsitatera jo zuen. Han, txertoa administratzeko erabiltzen den substantzia garraiatzailea hobetzeko ikerketak egin ditu Angel Monterok. Ikerketa haietan, laster ikusi zuen substantzia garraiatzailea ordezkatuta txertoaren eragina handitzen zela. Gainera, xiringarik ez erabiltzeko moduak ere ikertu ditu. Hala, txertoa arnasteko nahiz azalaren azpian jartzeko bideak aztertu ditu, eta administrazio-modu berri horiek txertoaren eraginkortasuna aldatzen duten ala ez aztertu dute animaliekin. Malariaren aurkako txerto ezagunenetakoa hobetzeko ondorio esanguratsuak lortu ditu, beraz, Angel Monterok.

Pintura ekologikoak

Erabiltzaileen Saria, aldiz, Pedro Ilundain Aranburu kimikariak eskuratu du, Basque Research-eko erabiltzaileen botoen bidez. Kasu honetan, pintura akriliko eta biniliko ekologikoak garatzeko egindako doktoretza-tesi bat saritu dute irakurleek. Irabazleak bi lagunentzako talasoterapia-tratamendua eta dastatze-afaria eskuratuko ditu egindako lanarengatik.

Kimika Fakultatean egin du ikerketa Pedro Ilundainek eta pintura batzuen konposatu kaltegarriak murriztea izan du helburutzat tesian. Izan ere, konposatu horiek osasunerako nahiz ingurumenerako kaltegarriak dira. Hori dela eta, pinturak ekoizteko erabiltzen diren erreakzioen azterketa egin du, hain zuzen ere, konposatu kaltegarriak gutxitzeko egiten den postpolimerizazioa ikertu du. Erreakzio horretarako hainbat hobekuntza proposatzen ditu; batetik, erreakzioa abiarazteko sistema optimizatu du, eta, bestetik, erreakzionatu gabe gelditzen diren konposatuak nahiz isurketak neurtzeko eredu matematiko bat garatu du. Ikerketak, beraz, aplikazio zuzena du industrian, izan ere, pintura ekologikoagoak ekoizteko modua aurkezten da.

Amaitzeko, epaimahaiak lan guztien dibulgazio-ahalegina nabarmendu du, eta Basque Research-en bidez egindako zabalpen-lana estimatu. Irabazleen eta gainerako parte-hartzaileen lanak www.basqueresearch.com atarian izango dira ikusgai uztailaren 1 arte.

Epaimahaikideak hauek izan dira:

    Aitziber Agirre Ruiz de Arakaute: Biokimikan doktorea. Teknopolis zientzia- eta teknologia-dibulgazioko telebista-saioaren aurkezlea eta erredaktorea.
    Guillermo Roa Zubia: Kimikan doktorea. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zientzia-arduraduna.
    Eider Carton Virto: Kimikan lizentziatua. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zuzendaria.
    Garazi Andonegi Beristain : Ingeniari Teknikoa. Basque Research atariaren zuzendaria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia