}

Malariaren aurkako eltxo transgenikoa

2002/05/23 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Alemaniako eta Estatu Batuetako zientzialari batzuek malariaren aurkako eltxo transgenikoa asmatu berri dute. Intsektu hori balekoa den jakiteko, adituek saguekin probatu dute lehenik. Proba horietan zailtasun denak gaindituz gero baliteke naturan barreiaturik dauden eltxo infekziosoak transgeniko horiez ordezkatzea.

Malariaren bizkarroiak urtero 300-500 milioi pertsona kutsatzen ditu eta, batez beste, 0.7 eta 2.7 milioi heriotza eragiten ditu. Oso gaixotasun konplexua da; transmisio- eta ugaltze- prozesuan (hiru aste inguru irauten duena), hiru organismok parte hartzen dute: gaixotasuna sorrarazten duen bizkarroiak, jasaten duen gizakiak (edo beste animalia bat) eta biktimak eztenkatzerako orduan transmisio-rola jokatzen duen eltxo kutsatzaileak.

Orain arte, malaria edo paludismoaren aurkako txerto eraginkorrik ez da asmatu, eta arazo horri aurre egin nahian, Marcelo Jacobs-Lorena zientzialari estatubatuarrak eta bere lankideek genetikoki eraldatutako eltxo batzuk sortu dituzte. Animalia horiei malariadun sagu batzuen odola sartu diete eta ohartu dira bizkarroiak anitz murrizten direla eltxo transgenikoen listu-guruinetan.

Zientzialari taldeak berak, duela urte batzuk, SM1 izeneko molekula atzeman zuen. Molekula horrek bizkarroiak listu-guruinetara heltzea eragozten zuen eta asmatu berri duten eltxoari molekula bera ekoizten duen genea erantsi diote bere digestio-aparatuan. Era horretan, eltxo transgenikoa odol horrekin elikatzen hasi orduko, SM1 molekula ekoizten hasten da eta bizkarroi-kopurua jaitsi egiten da.

Aurrera begira, zientzialariak estrategia berri bat erabili nahiko lukete: naturako eltxo basatiak gaixotasuna hedatzen ez duten eltxo transgeniko berriez ordezkatzea. Baina ondo asko dakite hori egin aitzin hainbat eta hainbat froga pasa beharko lituzketela eltxo horiek ingurumenerako ez direla kaltegarriak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia