}

Maitasunaren edabearen bila

2009/03/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garai guztietako ipuinetan azaltzen dira bestea bereganatzeko edabe magikoak, baita gaur egungoetan ere. Interneten, adibidez, erraz topa daitezke halako edabe edo produktu miragarriak, eta askoren osagai nagusia hormona bat da: oxitozina.

Verolab-ek, esaterako, spray batean eskaintzen du, Konfiantza likidoa izenarekin (Liquid trust). Goizean arropa jantzi aurretik gorputzean ematea gomendatzen du, lurrin arrunt bat balitz bezala. Konfiantza likidoari esker, salmentak handitzea lortuko omen dute saltzaileek; ezkongabeek, nahi duten pertsonaren maitasuna, eta zuzendariek, besteak limurtzea, konbentzitzea. Gainera, produktua zientzia-ikerketetan oinarrituta dago, nola ez.

Oxitozinak zerikusi zuzena dauka maitasunaren hainbat alderdirekin edo adierazpenekin.

Hala, 2005ean Zuricheko Unibertsitatean egindako ikerketa bat aipatzen du Verolabek. Eta ikerketa hori egiazkoa da. Hain zuzen, Nature zientzia-aldizkarian argitaratu zuten, eta, han azaldutako emaitzen arabera, sudurretik arnastuta, oxitozinak besteekiko konfiantza areagotzen du, eta, horrenbestez, harremanak izatea errazten du.

Lehendik ere bazekiten oxitozinak zerikusi zuzena duela maitasunaren hainbat alderdirekin edo adierazpenekin. 1953an identifikatu zuten, eta gerora frogatu dute erditzean askatzen dela eta prozesu horretan laguntzen duela; eta, hain juxtu, helburu horrekin erabiltzen dute gaur egun, erditzean arazo jakin batzuk daudenean. Edoskitzean ere askatzen da, eta, esnearen ekoizpena areagotzeaz gain, amaren eta haurraren arteko lotura sendotzen du. Bestelako bikote-harremanetan ere eragiten du; hala, harremanak errazteko eta estutzeko eragina du, eta orgasmoan ere parte hartzen du.

Bestalde, oxitozina zenbait arazo tratatzeko erabil ote daitekeen ikertu dute, hala nola autismoa, giza harremanekiko fobia eta enpatia-gabezia. Animaliekin egindako esperimentuetan emaitza itxaropentsuak izan dituzten arren, oraindik ez dute pertsonetan erabiltzeko tratamendurik edo sendagairik sortu.

Erabiltzea, auzitan

Hain zuzen ere, zenbait ikertzailek uste dute batzuek neurriz kanpoko ondorioak ateratzen dituztela animaliekin egindako ikerketetatik, eta askoz gehiago ikertu behar dela helburu horrekin edo antzekoekin oxitozina erabiltzeko pertsonetan.

Esate baterako, Nature aldizkarian argitaratutako saiakera batean , Larry Young neurozientzialariak adierazi du litekeena dela luze gabe oxitozina erabiltzea senar-emazteen arteko terapietan. Horren aurretik, karraskari-espezie baten monogamiarako joeran oxitozinak duen eragina azaldu du, bai eta karraskari horien eta pertsonen garunen artean dagoen antzekotasuna ere.

Alberto Fernández Espainiako Neuropsikiatria Elkartearen lehendakariaren ustez, ordea, ondorio horiek “ikuspuntu antropozentrista batetik†aterata daude. Hori adierazi zion Público egunkariari, Nature -ko saiakeraren harira. Haren iritziz, ikertzaile batzuek gehiegi sinplifikatzen dute, eta ez dute kontuan hartzen kulturak pertsonen arteko maitasun-adierazpenetan duen eragina.

Edozein modutara, oxitozinaren eraginak eta aplikazioak ikertzen jarraitzen dute mundu osoko unibertsitateek, farmazia-konpainiek eta ikerketa-zentroek. Bitartean, zeharka bada ere, gaiarekin zerikusia duen ikerketa bat plazaratu berri dute PNAS zientzia-aldizkari ospetsuan. Ikerketa horretan, hidrogeno sulfuro gasak Viagraren antzeko ondorioak dituela frogatu dute saguetan.

Beharbada, askorentzat ikerketaren alde deigarriena da zer substantzia aukeratu duten proba egiteko, arrautza ustelei kiratsa ematen dien gasa baita hidrogeno sulfuroa. Dena den, aipatzekoa da Viagraren eraginaren oinarrian ere gas bat dagoela, oxido nitrikoa. Horrek, ordea, usain apala du. Gainera, esperimentuan erabili duten dosietan, hidrogeno sulfuroa toxikoa da pertsonentzat; hortaz, oraingoz, behintzat, ez dute gas hori erabiliko zutitzearen disfuntzioak tratatzeko.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia