}

Lynn Frewer: "Publikoak informazio irekia eta gardena nahi du"

2001/12/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elikadurarekin zerikusia duten krisialdiak oso larriak izaten dira, gizarte osoan baitute eragina. Azkenaldi honetan, gainera, esparru horretan krisialdi andana izan da Europan. Krisia gehien pairatu duen lurraldetik, Erresuma Batutik etorrita, egoera horien identifikazioan, analisian eta kudeaketan aditua den Lynn Frewer doktoreak hitzaldi bat eskaini zuen Bilbon.

Erresuma Batuan BSEaren epidemia (behi eroen gaitza) pasa berria duzue. Orain arte ez zen ezagutzen gaixotasun-mota hori. Hiesaren kasuarekin konpara litekeen zerbait al da?

BSEk duen lehen arazoa gizakiarengan duen efektua ezustekoa izatea da. Ez dakigu zer eragin dezakeen giza populazioan. Oso gaixotasun ezatsegina da; jendea oso baldintza zakarretan hiltzen da. Agintariek arriskurik ez zegoela esan zuten, baina instituzio ofizialetaraino iritsi zen publikoaren kezka.

Lynn Frewer. Psikologian doktorea. Gaur egun, Norwich-en (Ingalaterra) dagoen Elikagaien Ikerketarako Institutuan egiten du lan. Han, elikadura-industriaren eta iritzi publikoaren arteko lotura aztertu du. Lurralde horretan bizi berri dituzten krisialdiak, behi eroen gaitzak eta sukar aftosoak sortutakoak, aztertzeko aukera izan du. (G. Roa Zubia).

Oihartzun handiko beste arazo bat janari transgenikoen aurkako jarrera da Europan. Dena dela, osasunean izan dezaketen eraginari buruzko daturik ez dago. Baina Estatu Batuetan erantzuna askoz hobea izan da. Zer gertatzen da?

Estatu Batuetan gero eta kezkatuago daude, oro har, biologiarekin, arma biologikoen esparruarekin bereziki. 1990eko hamarkadako egoera aztertu behar da. Lehenik, publikoari ematen zaion informazio guztiak janari berri horiek tradizionalekin parekatzen zituen. Beste alde batetik, jendearen benetako kezkak zeintzuk diren ez zen kontuan hartu; ingurumenean eta osasunean izan zezakeen nahigabeko eragina ziren kezka nagusiak. BSEren eta CJDren (Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna, behi eroen gaitza gizakiengan) arteko lotura horren adibidea da. Azkenik, nire ustez, arautzeko garaian esparru hori baztertu egin zen. Zientzialariek jendearen kezkak irrazionalak zirela esan zuten eta, noski, publikoa haserretu egin zen. Hortik aurrera krisialdia sortu zen.

Janari-mota hori zergatik ari zen garatzen galdetzen hasi zen jendea. Soia transgenikoaren kasuan, badirudi probetxua ekoizle estatubatuarrak jasotzen ari direla eta arriskuak, berriz, kontsumitzaile europarrak.

Osasunarentzat arriskua ekar dezakeen beste gauza bat telefono mugikorra da, antenak batez ere. Baina jendeak ez die arazorik ikusten. Zein da ezberdintasuna?

Jendeak nahi duena aukeratzen du. Abantailak eta arriskuak kontrajartzen saiatzen da. Telefonoen kasuan, pertsonaren bizimoduan izugarrizko abantailak daude. Dena dela, Erresuma Batuan, gai horren inguruko zalantza sortu da. Behintzat, arriskua noraino iristen den argitzeko ikerketarik egin den ala ez jakin nahi du jendeak. Baina ez da ahaztu behar oso abantaila ikusgarriak ere ikusten dituela.

Janariekin jarraituz, beharbada erantzun azkarrena uraren poluzio-arazo baten aurrean izaten da. Zergatik ezin da parekatu erantzun hori beste motatako janariekin gertatzen denarekin, barazkiekin adibidez?

Publikoa asko kezkatzen da, batez ere ura ordezkatu ezin den produktua delako. Poluzioa sortzen denean, nahiz eta oso eragin lokala izan, jende asko ohartarazi behar da. Beraz, potentzialki katastrofikoa da. Besteak beste umeengan du eragina, eta horregatik populazioaren zati handi batean sortzen da kezka. Barazkiekin, aldiz, askoz errazagoa da poluitutakoaz babestea.

Janarien arloan krisialdia sortzen denean, komunikabideek berriaren bi motatako tratamendu egiten dute, politikoa eta soziala, alegia. Zure ustez, bi jarrera horiek egonda, nolakoa izan beharko luke krisialdiaren informazioak?

Publikoak informazioa irekia eta gardena izatea nahi du. Zein bideri jarraitu behar zaion jakin nahi du. Komunikabideek bai zer gertatzen ari den bai eta ardura politikoa zeinena den kontatzeko betebeharra dute. Uste dut oso garrantzitsua dela komunikabideek informazio zuzena zabaltzea, batzuetan horrek ezjakintasuna eta zalantzak daudela kontatzea eskatzen badu ere.

Erresuma Batuan pasa berri dituzte abereekin zerikusia duten bi krisialdi: behi eroena eta sukar aftosoarena.

Baina, informazio zuzena emateak, batzuetan, jendearen ezagutza zientifiko handia eskatzen du.

Baina, bestalde, zientziaren komunikazioan ere aditu asko dago. Batzuk oso onak dira zientzia- eta teknologia-gaiak publiko orokorrarentzat ulergarri bihurtzen. Jende horrek kazetarien komunitatean sartu beharko luke. Erresuma Batuan, zientziaren inguruko polemikak modu ulergarrian zabaltzeko beharra sortu da. Zientzialariak urrats bat egiteko gauza izan badira, kazetariek ere izan beharko dute.

BSEri buruzko informazioa izugarri ugaritu zen komunikabideetan 1996ko martxoan, eta handik aurrera zabaldu zen krisialdia. Orduan, zerk sortzen du krisia, komunikabideek ala gaixotasunak berak?

Komunikabideen lanak krisialdia dagoela jakinarazten dio jendeari. Horrela ulertu behar da: krisialdi berrian, jendeak arriskuari buruzko ikuspunturik jaso ez badu, lehen informazioak izugarrizko eragin soziala izango du. Horren ondoren, Erresuma Batuan behintzat, errua eta ardura politikoa zeintzuk dituzten bilatzen hasten dira komunikabideak. Oro har, jendeak ez du iritzia aldatuko lehen egun horiek pasatutakoan. Krisialdi batean sartzen garenean oso azkar behar da informazioa.

Zer gertatuko litzateke komunikabiderik ez balego?

Komunikabiderik ez balego, nire ustez, arriskua erregulatzen dutenek komunikabideen lana bete beharko lukete. Adibidez, Genevan 1986an erradiazioen krisialdian… gauzak oso-oso azkar antolatu behar izan zituzten. Gogoratzen dut Suedian arazo asko izan zituztela urarekin. Jende gehienak telebistaren bidez jasotzen du informazioa.

Era batean edo bestean, norbaitek egin behar du lan hori. Komunikabiderik ezean, gobernuak horien lana egin beharko du; baina horrek esan nahi du adostasun-eza baimendu beharko lukeela, arriskuari buruzko informazioa aldez aurretik eman, oso erabaki gardenak hartu eta publikoarentzat ulergarriak egin. Hartzen diren erabakiak hartzen direla, saihestu egin behar da jendeak esatea "zertan ari dira hauek?".

Lynn Frewer, Euskalduna Jauregian.
G. Roa Zubia

Zalantzak eta ezjakintasunak ezkutatuz gero, jendea berehala hasiko da galdetzen egia esaten ote zaion ala ez. Publikoak ez ditu gardentasun-eza eta ezkutuko egiak onartzen. Erresuma Batuan, adibidez, publikoa gero eta haserreago dago, eta egoera hori nolabait aldatu egin behar da.

Zure ustez, komunikabideen artean zein da eragin handiena duena zientziarekin zerikusia duten gaietan?

Gaur egun telebista da, dudarik gabe. Prentsa eta beste medio guztiak ere beharrezkoak dira, baina telebistaz ideia zabaltzea azkarragoa eta errazagoa da. Mezua oso erraz helarazten zaio ikusleari. Baina behin lehen fase hori bukatu denean eta publikoaren iritzia sortu denean, gehiago sakondu nahi duenarentzat idatzizko informazioak eraginkorragoak izaten dira, oro har, telebistak ez duelako sakontasun handirik eskaintzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia