}

Lurrikarak ilargi betearekin batera gertatzen dira

2001/02/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lurrazaleko neutroien erradiazio-flashek lurrikarekin erlazioa dutela ikusi dute fisikari errusiarrek. Beraien ustean, gertakari hau lurrikarak iragartzeko erabil daiteke.

Aktibitate sismikoa duten lurraldetan, ilargi beteko eta ilargi berriko sasoietan neutroi-erradiazioaren intentsitatea nabarmen igotzen dela ikusi dute Moskuko Unibertsitateko ikerlariek. Itsasaldien indarrak sortzen ditu neutroi-igoerak eta horiek dira lurrikarak eragiten dituztenak. Zientzialarien ustean, neutroi-igoerak lurrikaren aurre aztarna moduan erabil daitezke.

Gauaren eta egunaren arteko neutroi-lasterren aldaketak neurtu zituzten Tadjikistango Pamir mendietan, itsas mailatik 1100 metroko altitudean. Neutroi-flashek hamabi orduko periodoa zutela ikusi zuten; horrek itsasaldi-uhinen maximoa lurrazaletik igarotzea eta neutroi-igoera erlazionatuta daudela egiaztatzen du. Ilargi berriko edo beteko egunetan, hau da, ilargia, lurra eta eguzkia lerrokatuta daudenean, grabitazioaren eragina maximoa da. Ondorioz, itsasaldien indarrak lurrazalaren deformazioa ekartzen du. Gertatzen diren pitzaduretatik partikula atomiko eta nuklearrak kanporatzen dira, baita radon-isotopoak dituzten gas erradiaktiboak ere. Lurrazaleko eta aireko isotopoen hondatzeak alfa-partikula asko sortzen ditu.

Alfa-partikula horiek gas erradiaktiboen eta neutroien arteko produktuak dira. Ikertzaileek alfa-partikulen lasterrak neurtu zituzten Pamir mendietan eta lurreko batezbestekoarekin alderatuta aldaketak sumatu zituzten. Hain zuzen ere, neurtutako maila batezbestekoa baino hamabi aldiz handiagoa zen. Horretaz gain, era berean neutroien kopurua ere handitu egiten zen.

Ikertzaileek 1964tik 1992ra izandako lurrikarak aztertu zituzten, batez ere lurrikara ugari jasaten dituen Pazifiko aldekoak. Lurrikara gehienak ilargi beteko edo berriko egunetan hasi zirela ikusi zuten, edo pare bat egun lehenago edo geroago. Egun horietan, neutroi-erradiazioaren indarra ohiko maila baino hamabi aldiz handiagokoa zen aktibitate sismikoa duten lurraldeetan. Ondorioz, zientifikoek lurrikaren epe motzerako iragarpenetan neutroi-lasterren neurketa erabil daitekeela diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia