}

Lurreko uraren parte bat Eguzkia baino zaharragoa da

2014/10/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurrreko uraren parte bat Eguzkia bera baino zaharragoa dela ondorioztatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, simulazio baten bidez. Simulazioaren emaitzen arabera, Ozeanoetako uraren % 30-50 arte izan daiteke Eguzkia sortu aurrekoa.
lurreko-uraren-zati-bat-eguzkia-baino-zaharragoa-d
Arg. Matthew Scott / Zientziaren Carnegie Erakundearen presidentea

Eguzki-sistemako ur guztia sistemarekin berarekin batera sortu zen edo ez jakiteko, deuterioari jarraitu diote ikertzaileek. Ur-molekularen isotopo bat da, ur astuna izenez ere ezaguna (protoi batez gain, neutroi bat ere badutelako ur-molekula osatzen duten hidrogeno atomoek), eta, uraren sorrera-kondizioen arabera, aldatu egiten da ur-molekula arruntaren eta deuterioaren arteko proportzioa. Hain zuzen, izarrarteko ingurunean, izar berriak sortzen ari diren guneetan, izotza aberatsa izaten da deuterioan, deuterioa sortzeko kondizioak ematen baitira. Lurreko ozeanoetan, eta eguzki-sistemako beste hainbat gorputz zaharretan ere uraren deuterio proportzioa handia da, baina astronomoek ez zekiten deuterio hori guztia eguzki-sistemarekin batera sortua zen, hala, Eguzkia jaio aurretik, ingurune hartan zegoenaren arrastoak ziren.

Hori argitzeko, Michigango Unibertsitateko ikertzaileek gidatuta, eguzki-sistemaren sorrerako kondizioak berregin dituzte simulazio batean, ikusteko zenbat deuterio sortzen den kondizio horietan. Simulazioan ezabatu egin dute sistematik izarrarteko ingurunetik etor zitekeen deuterio guztia, eta aztertutako epealdian, milioi bat urte, ez da sortu, askogatik, eguzki-sistema gaztearen deuterio-aberastasuna azaltzeko bezainbeste deuterio. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, ikertzaileen esanean, emaitzak erakusten dute eguzki-sistemako ur zaharren deuterio proportzio handiak izarrarteko izotza duela jatorri. Haien kalkuluen arabera, Lurreko ozeanoetako uraren % 30-50 izan daiteke Eguzkia baino zaharragoa, eta kometetako uraren % 60-100.

Eguzki-sistemako ura Eguzkia baino zaharragoa dela jakiteak badu garrantzia. Izan ere, jota eguzki-sistemaren sorrera-prozesua arrunta dela unibertsoan, esan nahiko luke izarrarteko izotzak, alegia, ura, eskura leudekeela planeta-sistema gazte guztietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia