}

Lurrean bezala, itsasoan ere

1995/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Besteak beste, sateliteak ohi baino orbita altuagora jaurtitzeko modua eskainiko du kosmodromo berriak.

EEBB, Errusia, Norvegia eta Ukrania elkarlanean hasi dira Ozeano Bareko “kosmodromo” berria martxan jartzeko. Eta berria diogu orain arte ez delako itsasoan sateliteak jaurtitzeko edo koheteak lurruzteko pistarik jarri, guk dakigularik behintzat. Zehatzago, lau lurraldeotako aeronautika-konpainia bana petroleo-plataforma zahar bati erabilpen berri bat emateko elkartu dira eta agidanez, horrek aukera ezin hobea eskainiko die teknologia berriak bertan probatzeko.

Besteak beste, sateliteak ohi baino orbita altuagora jaurtitzeko modua eskainiko du kosmodromo berriak, horretarako Ukranian garatutako misil-teknologia erabiliko dute. Horrez gain, lehorretik urrun ipintzeak ere abantaila asko ekarriko ditu, besteak beste hiriguneetako kosmodromoek sortzen dituzten poluzio-arazoak ez baitira hor gertatuko. Pista berria lanean noiz hasiko den esan ez badute ere, urtea amaitu aurretik lanen lehen fasea bukatzea espero dela iragarri du EEBBetako Boeing konpainiak, kosmodromo berriaren hustiapenaz arduratuko den enpresak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia