}

Lurraren antzeko planeta bat detektatu dute, gugandik gertueneko izarrean

2016/08/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ESOko (Europako Behatoki Australa) astronomoek iragarri dutenez, Lurraren antzeko planeta bat dago Eguzkitik gertuen dagoen izarraren inguruan. Proxima Centauri izena du izar horrek; eguzki-sistematik 1.295 parsecera dago (4 argi-urte baino pixka bat gehiagora), eta detektatutako planetak habitagarria izateko aukera du, ur likidoa izateko moduko tenperatura baitu.
lurraren-antzeko-planeta-bat-detektatu-dute-gugand
Proxima b planetaren irudikapen artistikoa. Arg. ESO/M. Kornmesser

Proxima b planetari buruzko artikulua Nature aldizkarian argitaratzeaz gain (A terrestrial planet candidate in a temperate orbit around Proxima Centauri), prentsaurrekoa ere eman dute. Hala, albisteak sekulako oihartzuna izan du; esaterako, NASAren prentsa-oharrean, Paurl Hertz Astrofisika Saileko buruak zoriondu egiten du ESO, “munduaren itxaropena eta imajinazioa piztu dituen planeta misteriotsu horren aurkikuntzarengatik”. Hain zuzen, habitagarria izateko aukerak ditu planetak, eta gugandik gertu samar egotea bultzada bat izan daiteke eguzki-sistematik kanpoko misioentzat.

Bilatutako aurkikuntza

ESO behatokitik zeruko ikuspegia (goian), eta Alpha Centauri AB sistemaren eta Proxima Centauri izarraren argazkiak (behean, ezk. eta esk.) Arg. Y. Beletsky (LCO)/ESO/ESA/NASA/M. Zamani

Puntu Gorri Ahul (Pale Red Dot) proiektuaren barruan aurkitu dute Proxima b planeta, eta horixe zen proiektuaren helburua: Proxima Centauriren inguruan egon zitezkeen planetak detektatzea. Proxima Centauri Alfa Centauri AB izar-parearen ondoan dago, eta nano gorri bat da. Eguzkiarekin alderatuta, nahiko tenperatura baxua du (3.050 kelvin), argitasun gutxiago igortzen du, eta dezente txikiagoa da.

Planeta ez dute zuzenean behatu; izarran eragiten dituen aldaketak detektatu dituzte, Doppler metodoa edo abiadura erradialarena erabilita. Horren bidez ondorioztatu dute izarraren inguruan planeta bat dagoela. Lehen aztarnak 2013an jaso zituzten, eta orduan diseinatu zuten Puntu Gorri Ahul proiektua. Txileko bi espektrografok jasotako datuak erabili dituzte aztarna sendoa dela baieztatzeko: HARPS eta UVES.

Datu guztiak aztertuta, ondorioztatu dute Proxima b planeta Lurra baino handiagoa dela (haren masa Lurrarena baino 1,27 aldiz handiagoa da gutxienez), Lurra baino askoz gertuago dago bere izarretik (7,5 milioi kilometrora, hau da, Lurra Eguzkitik dagoen distantziaren % 5era), eta 11 egun behar ditu orbita bat (urte bat) osatzeko haren inguruan.

Habitagarritzat jo dute

Eguzki-sistemaren eta Proxima Centauriren sistemaren arteko alderaketa erakusten duen irudia. Arg. ESO/M. Kornmesser/G. Coleman

Hala ere, gehien nabarmendu duten ezaugarria da ur likidoa izan dezakeela. Horrek esan nahi du habitagarria izateko aukerak dituela. Alabaina, oraindik ez dakizkite bizia hartzeko beharrezkoak diren beste ezaugarri batzuk ote dituen: atmosfera, magnetosfera… Izan ere, izarra nano gorri bat denez, energia asko eta X izpi ugari igortzen ditu; hortaz, eremu magnetiko sendo bat eta atmosfera trinkoa izan ezean, han bizidunak egotea ezinezkoa litzateke.

Edonola ere, batzuek dagoeneko aurreratu aurkikuntza honek bultzada bat emango diela eguzki-sistematik kanporako misioei, eta baita bizi estralurtarra bilatzen dutenei ere. Hain zuzen, horixe adierazi zuen Guillem Anglada-Escudé ikerketa-buruak ere: “Orain biziaren bilaketa hasten da”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia