}

Lore barneko lorea

2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kaliforniako Unibertsitateko biologoak loreen barnetik jaiotzen diren loreen misterioaren zati bat argitu dutelakoan daude. Fenomeno hori loreek izaten duten ohiz kanpoko deformazioa da, eta orain arte bere jatorriaren berririk ez dugu. Duela 2.000 urte deskribatu ziren lehenengoz era honetako loreak eta geroztik oso altxor preziatu bilakatu dira, bai lore-industriarentzat eta baita genetistentzat ere. Kaliforniako ikertzaileen arabera loreen zeluletako hiru gene ia berdin aldi berean mutatzen direnean agertzen dira lore barneko loreak. Lore arruntak lau eraztun zentrokidez osatuta daude: kanpoan sepaloak, hau da, lorea inguratzen duen hosto-itxurako organo berdeak; barnean, berriz, petaloak; lorezilak, hots, sexu-organo arrak, eta karpeloak edo sexu-organo emeak. Hiru geneak mutatzen direnean, petalo, lorezil eta karpeloak sepalo bihurtzen dira, lore bikoitz itxura hartuz. Prozesua behin eta berriz errepika daiteke, lore barneko loreen kateak eratuz. Botanikariek duela ehunka urte proposatu zuten petalo, lorezil eta karpeloak eraldatutako hostoak zirela, baina orain arte ezin izan da aldaketa hori egin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia