Elhuyar zientziaren komunikazioa

Liztor asiarra erle-ehizan

2013/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Liztor asiarra (Vespa velutina) espezie inbaditzailea da Europan. Euskal Herrira ere iritsi da, eta arazo handia sortzen ari da erlauntzetan. Erleak jaten ditu, eta asko ugaritu da.

liztor-asiarra-erle-ehizan
Arg. © Danel Solabarrieta

Arturo Goldaracena (Entomologoa, Neiker-Tecnalia)

"Vespa velutina, antza, kiwi-kargamentu batean iritsi zen Bordelera. Merkantzia guztiak aztertzen ez badira eta dakarten fauna eta flora zaintzen ez bada, Europa espezie inbaditzaileen bazar handi bat bihurtuko da."

Arg. © Danel Solabarrieta

Julian Urkiola (Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea)

"Hiru bat zentimetro luze da, eta erregina 3,5 izan liteke. Zazpi milimetroko eztena du. Liztor europarraren (Vespa crabro) eta asiarraren arteko aldea kolorea besterik ez da. Asiarrak hanka-muturrak horiak ditu, eta bizkar gaineko segmentuetan beltz gehiago du europarrak baino. Bizkarra beltza du. Europarrak, aldiz, kaoba-kolorekoa du. Bi liztorrek jaten dituzte erleak, europarrak eta asiarrak. Baina asiarrak hamar mila aldiz gehiago jaiotzen dira, eta desoreka handia ekarri du horrek."

Arg. © Danel Solabarrieta

Arturo Goldaracena (Entomologoa, Neiker-Tecnalia)

"Nire ustez, erlea ez da inoiz desagertuko, gizakiak hazitako intsektu bat baita. Eta polinizazioa desagertuko da? Ezta ere. Polinizazioa beste lanik egiten ez duen milaka intsektu dago ekosisteman. Beste kontu bat da erleak desagertzeak zer arazo ekonomiko eragingo dituen."

Argazki honek 2012ko Fotciencia sariketan accesita irabazi zuen, kategoria orokorrean. FECYTek eta CSICek antolatzen duten argazkilaritza zientifikoko lehiaketa da Fotciencia. Arg. © Danel Solabarrieta

Julian Urkiola (Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea)

"Erlauntzara bueltan datorren erlea nekatuta eta kargatuta dator; hori da liztorrarentzat harrapakinik politena. Lepotik eusten dio erleari, eta zuhaitz-izkinara eramaten du; ordurako ito du. Han, jaten hasten da, burutik; guk otarrainxkak jaten ditugun bezala, zurrupatu egiten du. Gero, erlearen burua moztu, eta bota egiten du. Eta tripa barrutik hasten da jaten. Barruko eztia, eta jan lezakeen guztia jaten du. Bukatzeko, bizkar gainetik moztu, hegalak eta hankak moztu, eta trontzorik onena habiara eramaten du, Erreginak eta kumeek jan dezaten."

--> Julian Urkiolari Norteko Ferrokarrila irratsaioan egindako elkarrizketa

--> "Ekosistemari ziztada" erreportajea, Teknopolis telebista-saioan, argazkiak egin ziren eguneko irudiekin

Danel Solabarrieta (Natura-argazkilari amateurra)
Argazkiak Usurbilgo erlauntza batean egin zituen Danel Solabarrietak. Dozenaka liztor inguruan hegan zituela jardun zuen lanean. Lan zaila, azkar mugitzen ari diren animaliak gertutik fokuratu behar zirelako, baina, aldi berean, lan emankorra: atera zituen argazkietako batek 2012ko Fotciencia sariketan accesita irabazi zuen, kategoria orokorrean.
          Arg. Eider carton/Elhuyar Fundazioa
"Lehendabizi argia neurtu nuen, eta argiaren parametroak finkatuta, saiatu nintzen ondo fokuratzen. Helburua zen liztorren begiak ondo fokuratuta ateratzea. Horrek esan nahi du hogei argazkitik batek bakarrik balioko duela. Liztorra oso gertu izan behar nuen objektibotik, hamar zentimetrora gutxi gorabehera. Ez nuen objektiboarekin fokuratzen, baizik eta, hori finkatuta mantenduta, kamera aurrera eta atzera mugitzen nuen. Azkenean, begiak ondo fokuratuta zituztenen artean aukeratu nituen enkoadratze onenak zituztenak. Batzuetan, berriz enkoadratzen ditut. Alegia, enkoadratzea gerora egin dut.
Horrelako argazkietarako, denbora pasatzea da kontua. Bostehun argazki inguru egin, adibidez --zenbat eta gehiago, hobeto--, eta, gero, aukeraketa oso zorrotza egin; handik bat edo bi argazki onenak aukeratu. Ez da posible joan, bost minutuan bi edo hiru argazki egin, eta ondo ateratzea.
Oso pozik nago sariarekin. Argazkia ateratzeaz gain, sariketarako beste lanketa bat egin nuen aurkeztutako argazkiarekin: dokumentatu egin nintzen, eta horrekin argazkiari laguntzen dion testu bat prestatu nuen, ikusten dena modu erakargarrian azaltzeko. Eta saritua izan da; pozik nago".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia