Litio-polimero bateriaren funtzionamendua
2000/09/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Litio-polimero bateriaren oinarrizko zelulan orriak bata bestearen gainean daude. Elektrodo negatiboa litiozko orria da, elektrodo positiboa metal oxidozko orria eta elektrolitoa polietileno oxido solidozko orria. Polietileno oxidozko orri horretan joaten dira litio ioiak polimero-kateen arteko zubi ionikoetan.
Zirkuitu elektrikoa itxita dagoenean, elektrodoen arteko potentzial-diferentziak korronte elektrikoa ezartzen du eroaleetan, hau da, elektrodo negatibotik positibora elektroi-fluxua dago. Hori orekatzeko elektrodo negatiboko litio metalikoan dauden atomoek elektroia askatzen dute, eta ioi positibo moduan elektrolitoa zeharkatu eta elektrodo positibora joaten dira. Elektroi positiboak ioiak metatzen ditu eta elektroiak hornitzen dizkie beren karga neutralizatzeko.
Erreakzioen itzulgarritasuna bermatzeko, materia aktibo guztia gastatu baino lehen erreakzioak gerarazi eta bateria kargatu egin behar da. Horretarako bi elektrodoei energi iturria konektatu behar zaie. Honek ponpa moduan lan egiten du elektroiak elektrodo positibotik kendu eta negatibora eramateko (ikus ondoko eskema). Aldi berean litio ioiak elektrodo negatibora joaten dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia