}

Listeriarekiko sentikortasunaren giltza

2001/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ikertzaileek Listeria bakterioak urdailetik beste ehunetara pasatzeko erabiltzen duen proteina zein den jakin dute. Gainera, bakterioek sortutako infekzioen eredu bat egin dute eta, agian, sendagaiak bideratzeko erabili ahal izango da.

Listeria monocitogenes bakterioak janariaren bidez kutsatutako gaixotasun larri bat eragin dezake. Listeriosiaren ezaugarri nagusia odoleko infekzio orokorra da eta, batzuetan, garuneko hantura eta abortua eragiten ditu.

Listeria monocitogenes bakterioa.

Azalean duten internalina proteinari esker, bakterioak ostalariaren zelularen azalean dagoen E-kaderina proteinara lotzen dira. Horrela, hesteetatik ostalariaren gorputzean barneratzea lortzen dute. Baina, saguek ere proteina hartzailea baduten arren, ez dute ahotik hartutako bakterioarekiko sentikortasunik.

Orain, Frantziako Pasteur Institutuko Pascale Cossart-ek eta bere taldekideek, sagu-proteinaren aminoazido bat aldatuta, Listeria ahotik hartuta infektatzen den sagu transgenikoa lortu dute. Bakterioarekiko sentikorrak diren eta ez diren animalien E-kaderina proteina alderatuz, gizakien 16. aminoazidoko prolinaren tokian, saguek azido glutamikoa dutela ikusi zuten ikertzaileek. Beraz, gakoa hori izan zitekeela pentsatu eta saguei gizakiaren E-kaderina proteinaren sekuentzia ezarri zieten.

Genetikoki eraldatutako sagu horiei esker, ikerketa-lerro berria zabaldu da. Izan ere, ordura arte ikertzaileek bakterioa zuzenean odolean edo peritoneoan sartuz infektatzen zituzten saguak. Gainera, aurretik sagu transgenikoak birusen infekzioak aztertzeko erabili badituzte ere, bakterioen bidezko infekzioak ikertzeko eraldatu diren lehenengo aldia da.

Cassart-en iritziz, beste bakterio batzuek sortutako infekzioak aztertzeko eredu bat egin daiteke. Horretaz gain, internalina proteinak gorputzean barneratzeko duen gaitasuna sendagaiak edo geneak garraiatzeko erabili ahal izango da. Nahi den sendagaia edo ADNa zelula zehatzera eramatea garrantzitsua bada, are gehiago zelularen leku zuzenera eramatea.

Dena dela, orain artekoak lehen emaitzak besterik ez dira eta etorkizunean ikerketa gehiago egin beharko dira, ea uste horiek gauzatzen diren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia