}

Leuzemia nola sortzen den jakin nahian

2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Leuzemia nola sortzen den jakin nahian
2008/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Murphy)

Beste minbiziekin gertatzen den bezala, ikertzaileek ez zekiten nola sortzen den leuzemia. Orain, umetan izaten den leuzemia ohikoena (leuzemia linfoblastiko akutua) nola sortzen den aurkitzen lagundu dute bi neskatilak. Neskak bikiak dira, eta batek leuzemia du eta besteak ez.

Mutazio-multzo batek sorrarazten du leuzemia-mota hori. Pazienteen laurdenetan, minbizia abiarazten duen mutazioa TEL eta AML1 geneen fusioa da. Mutazio hori jaioberrien odolean ere detektatu izan dutenez, umetokian gertatzen dela uste zuten ikertzaileek. Baina ez zekiten gero zer gertatzen den leuzemia azaldu arte, ezta leuzemia sorrarazten duten zelula amarik ote dagoen ere.

Hain justu, horixe ikertu dute Oxford Unibertsitatean. Leuzemia zuten saguei mutazio hori zuten zelulak hartu, eta immunoeskasia zuten saguei injektatu zizkieten. Saguak gaixotu egin ziren, eta haien zelulak hartu eta beste bati injektatuta, hark ere leuzemia izan zuen. Zelula horiek leuzemiaren zelula amatzat har daitezkeela esan zuten ikertzaileek.

Ikertzaileak ez dira hor geratu, eta Olivia eta Isabella Murphy bikiak aztertu dituzte. Oliviak leuzemia-mota hori du, eta haren zelulek aipatutako mutazioa dute. Baina, nahiz eta biak karena berean hazi ziren, Isabellak ez du leuzemiarik. Haren odolean, hala ere, badaude mutaziodun zelula ama batzuk. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, batetik, umetokian zeudenean jaso zituen Isabellak leuzemiaren zelula amak, baina, bestetik, zelula ama horiek izatea ez da nahikoa gaitza garatzeko.

Ikertzaileek leuzemiaren zelula amekin ikertzen jarraitu dute, ustez haien erruz azaltzen baita berriro minbizia tratamenduen ondoren batzuetan. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta tratamendu eraginkorragoak garatuko dituztelako itxaropena dute.

1
240
2008
3
021
Medikuntza
Berriak labur
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia