Lehenengo aldiz, osasun kardiobaskularrean sexu-identitatearen araberako desberdintasunak topatu dituzte: ikusi dute emakume bisexualek eta lesbianek emakume heterosexualek baino osasun txarragoa dutela. Gizonezkoen kasuan, berriz, gayek eta bisexualek heterosexualek baino osasun kardiobaskular hobea dute, batez beste.
Frantzian egin dute ikerketa, 170.000 pertsonarekin. Parte-hartzaileek euren burua definitu zuten lesbiana, gay, homosexual edo heterosexual gisa. Eta zortzi faktore neurtu zituzten: dieta, jarduera fisikoa, loaren kalitatea, pisua, erretzea, eta azukrearen, kolesterolaren eta presio arterialaren mailak. Lesbianek eta emakume bisexualek dietan, presio arterialean eta erretzeko ohituretan dute alde handiena emakume heterosexualekiko. Journal of the American Heart Association aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Baldintzatzaile sozialak ere ebaluatu dituzte ikerketa honetan, eta ondorioztatu dute, hein batean bederen, bizi-baldintzek azal ditzaketela osasun-kondizioetan ikusitako desberdintasuna; hala nola pobreziak, lan-baldintza txarrek, buru-osasuneko erronkek, diskriminazioak eta osasun-sistemako esperientzia txarrek.
Ikertzaileek nabarmendu sexu-identitate minoritarioetako pertsonen gaixotasun kardiobaskularraren prebentzioa eta arreta hobetzeko, ezinbestekoa dela pertsona horiek osasun-arreta on bat jasotzeko dituzten oztopoak ezagutu eta gainditzea; eta lesbianak eta emakume bisexualak lehentasunezko talde bihurtu beharko liratekeela.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.