Léopold de Folin
1996/07/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uztailaren 5ean bete da Léopold de Folin-en heriotzaren mendeurrena. Ziur aski, Léopold de Folin izena aipatuta ia inorentzat ez da ezagun suertatuko, nahiz eta ohorezko tokia merezi Euskal Herriko faunaren ikerketen historian eta itsas biologiaren analetan, batean zein bestean aitzindaria eta dinamizatzaile galanta izan baitzen.
Markes frantsesa dugu Folin, itsas biologiaren aurrerakadan nabarmendu zena (Tournus, Saòne-et-Loire, 1817 - Biarritz, 1896).
Itsas armadarako nonbradu zutelarik, Brest-eko itsas akademian ikasi zuen eta ostean ofizial gisa aritu zen Frantziako untzietan, 1847ra arte. Zerbitzu aktiboa utzita, 1857an Saint-Nazaire-ko portuko nagusi izendatu zuten; 1861ean Pauillac-era (Bordeletik gertu) transferitu maila berarekin, eta azkenik Baionara 1868an, bertan ihardun zuelarik 1880an erretiratu arte. Ondoren eta heriotza bitartean Biarritzen bizi izan zen.
Hala ere, Folin-en garrantzia, bere iharduera profesionaletik barik, natur zientzien eremuan buruturiko lanetik dator: Folin izan zen ikerketa zoologikoetarako itsaspeko explorazioen aitzindarietako bat. Beraren ekimenez gobernu frantsesak Travailleur ikerketa-untzia atondu zuen, batez ere Bizkaiko Golkoko hegoaldeko ezponda sakonak arakatzeko hiru kanpainatan zehar (1880, 1881, eta 1882); Talisman untziak egin zuen beste kanpaina bat 1883an.
Lortutako datuak makina bat artikulu zientifikotarako mamia izan ziren: 300 inguru molusku-espezie berri nominatu eta deskribatu zituen, krustazeo eta foraminiferoak aipatu gabe. Horiez gainera zortzi genero berri deskribatu zituen. Itsas ikerketa eta nabigazioa gaitzat harturik, hainbat liburu gauzatu zituen (esaterako Sous les mers -1887- eta Bateaux et navires. Progrès de la construction navale à tous les âges et dans tous les Pays - 1882) eta ildo beretik Les Fonds de la Mer aldizkaria kudeatu zuen (1867 1887).
Idazle eta ikertzaile oparoa, gure iritziz Pêches et Chasses Zoologiques da bere libururik globalena, zeren eta, bizitzan zehar metatuz joan zen jakintza guztia bertan laburbildu eta metatzeaz aparte, naturari buruz zeukan pentsakera agertarazi baitzuen. Izatez, Ipar Euskal Herriaren gida naturalistikoa da, desorekatu samarra bada ere. Ia liburu erdia itsasoko ornogabeei buruzkoa da, batez ere moluskuez mintzo delarik (ur gezetakoak eta lurtarrak barne); hala ere, badaude kapituluak landare, intsektu, arrain, hegazti zein ugaztunen ingurukoak. Talde taxonomiko desberdinen gaineko argibideekin batera, kapitulu bakoitzean hainbat ohar metodologiko eskaintzen dira material biologikoaren tratamendu egokirako. Bestalde, eta aipatutako espezieen behaketa naturan errazteko asmoz, Folin-ek zenbait ibilbide naturalistikoz hornitu zuen liburua, irakurleari proposamen iradokorrak eginez. Horrela, Iparraldeko hondartzetan zehar garamatza, edota Biarritzetik Sarara, Donibane-Lohizunetik Berara, Kanbotik Behenafarroaraino, etab.
Bestalde, Société des Sciences et Arts de Bayonne elkartearen fundatzaileetariko bat izan zen eta bai lehen presidentea ere (1873-78). Modu berean, Folin-ek proposaturiko museo ozeanografikoaren ideiak eragin erabakiorra eduki zuen, geroago eratuko zen Biarritzeko Musée de la Mer (1935) akuarioaren bidea urratzeko. Izan ere, Folin-i dedikaturiko sala ikus dezakegu bertako lehen solairuan.
Horiek guztiak tarteko, 1894an Parisko Zientzi Akademiak Delalande-Guérineau saria eman zion Folin-i, bere lanen multzoagatik. Halaber, Biarritzeko kale batek bere izena darama.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia