}

Leiho batez maitemindu zen gizona

2002/11/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bazen behin Al-hali izeneko gizon aberats bat. Hiriko etxe handienean bizi zen, eta astoak, gameluak eta morroiak zituen bere zerbitzura... Lorategi aparta zuen, ardoa zerion iturri handi batez eta mota guztietako fruta-arbolez apainduta.

Gau batean Al-halik amets xelebre bat izan zuen, normalean izaten zituenak baino askoz xelebreagoa: emakume zahar batek hiru aldiz galdetu zion ea zein zen munduko gauzarik ederrena. Aholkulariei galdetu, eta horiek ametsaren esanahia aurkitu zuten; Al-haliren Lehen Emazteari aurki iritsiko zitzaion laurogeita hamargarren urtemuga, eta opari egokia eskatzen zuen ametsetan. Al-hali ados zegoen. Biak zoriontsuak izan ziren elkarrekin pasatutako urteetan, eta, beraz, Lehen Emazteak munduko gauzarik ederrena merezi zuen.

Ametsa interpretatu zuten arren, aholkulariak ez ziren galderari erantzuteko gai izan. Luze eztabaidatu zuten. Hausnartzeko erretiroa hartu zuten. Ametsetan ere ahalegindu ziren erantzunak topatzen. Baten iritziz, munduko gauzarik ederrena elefante zuria zen; beste batek uste zuen esmeralda-koloreko itsasoaren ura zela. Baina gauza horiek guztiak urrun zeuden, eta ez zegoen ekartzeko astirik.

Al-hali, etsita, gamelu bat hartu eta basamortuan sartu zen erantzunaren bila. Lehen Emazteari ez zion esan zertarako abiatu zen, eta, horregatik, hark neskamea bidali zuen Al-haliri segika.

Neskamea etxera itzuli zenean, ikusi zuena kontatu zion Lehen Emazteari. Basamortuan, Al-halik jeinu bat topatu zuen, galdera bat egin zion eta erantzunaren truke gamelua oparitu zion jeinuari. Neskamea urruti zegoenez, ez zuen elkarrizketa entzun, baina Al-hali oso pozik abiatu zen ondoko herrira. Herri hartako etxe ikusgarri batean sartu zenean, neskamea hurbildu egin zen, eta kanpoko leihotik Al-haliren ahotsa entzun zuen: "Orindik ez da iritsi Lehen Emazteari opari handia egiteko garaia". Hori guztia entzunda, Lehen Emazteak, haserre, zimitarra batez burua moztu zion neskameari.

Artistaren etxea

Islamak animaliak nahiz pertsonak irudikatzea debekatzen die fededunei. Ondorioz, irudi geometrikoak landu dituzte mulsulmanek mendeetan zehar. Al-daharej horretan aritzen zen, eta, horregatik, oso gizon ospetsua zen herrian. Artista zen, eraikitzailea, hain zuzen; baina ez zuen eskuekin lanik egiten, zenbakiekin baizik. Zenbaki-pare batetik hasita, irudi geometrikoak konbinatzen zituen leihoetako sareta ikusgarriak egiteko.

Marrazki hori arotz-morroiari ematen zion, eta horrek zurezko pieza bihurtzen zuen diseinua. Basamortuko jeinuak berak Al-haliri esan zion bezala, lan horiek ziren munduko gauzarik ederrena. Toki guztietako erregeek eta enperadoreek eskatzen zioten Al-dahareji apaingarri horietako bat.

Al-hali artistaren jakinduriaz jabetu zen, eta horietako diseinu bat nola egiten zuen erakusteko eskatu zion. Al-dahareji ez zion axola lan-sistema erakustea, horrelako saretak ondo egiten ikasteko urteak behar izaten zirelako.

"Zailena hastea izaten da; hortik aurrera osatze-lana besterik ez da" esan zuen Al-daharejek. Normalean bi motatako simetriak konbinatzen zituen. Erdialdean kokatutako hamabi puntako izarra, esate baterako, diseinuaren muturretan kokatutako zazpi puntakoekin konbinatzen zuen. Erdibidean, hamabiaren simetria zazpiarenarekin lotzeko, simetriarik gabeko trantsizioa asmatu behar zuen. Simetriarik gabekoa, baina dotore-dotorea.

"Ez dut ezer ulertzen" erantzun zion Al-halik. "Zergatik hitz egiten didazu simetriaz? Ez zara leiho batentzako sareta diseinatzen ari? Leihoak egiteko beste zerbaitetaz hitz egin: hori artistek bakarrik egiten dute". Baina Al-daharej pazientzia handiko gizona zen. Lan egiteari utzi gabe, zoruko mosaiko ederra erakutsi zion.

"Begira horri" esan zion "Erdialdean dagoen izar-itxurako baldosak bost punta ditu, eta izkinetan daudenek, berriz, lau. Erdikoa muturreko batekin lotzeko harritxo asko jarri behar ditut. Zein itxuratakoak izan behar dute? Hori jakiteko simetriari eta matematikari galdetzen diet. Kalkulatu egiten dut.

Orain, Al-hali ziur zegoen artista hura oso jakintsua zela. Hirian inork ulertuko ez zituen metodoak erabiltzen zituen, eta emaitza ederra zen. Hala esan zion, eta Al-daharejen erantzuna adierazgarria izan zen: "Simetria eta matematika ni baino jakintsuagoak dira. Hori da sekretua: dakienari galdetu behar zaio".

Etxean

Lehen Emazteak ez zuen ulertzen benetan zer gertatu zen bidaia horretan. Al-hali itzuli zenean azaltzen saiatu zen, baina alperrik: laurogeita hamarra ez zen zenbaki aproposa simetriari galdetzeko; laurogeita hamaseia askoz hobea zen, biarekin, hiruarekin, lauarekin, seiarekin, hamabiarekin eta ez dakit zenbat zenbakirekin oso erraz konbinatzen zelako. Al-daharejek hala irakatsi zion Al-hali; laurogeita hamaseigarren urtemuga ospatzeko propio egindako sareta askoz ederragoa izango zen laurogeita hamargarrena ospatzeko egindakoa baino.

"Gizon hau erotu egin zait" pentsatu zuen Lehen Emazteak. "Simetria eta matematika ni baino gehiago maite ote ditu?" Agian, geometriaren edertasunak itsutu egin zuen bere senarra. Lehen Emazteak ez zuen ulertzen. Urteek aurrera egin ahala, gero eta goibelago zegoen emakumea.

Eta gizona berandu ohartu zen: laurogeita hamabost urterekin hil zen Lehen Emaztea. Al-haliren simetriarik gabeko malkoek mosaiko batez apaindutako zoru perfektua busti zutenean ohartu zen.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia