}

Lehenengo protoi-talkak LHCan

2009/11/24 Elhuyar Zientzia

strong>

CERN erakundeak atzo adierazi zuen LHCan lortu dituztela lehenengo protoien talkak. Munduko azeleragailu handiena martxan da, azkenean, joan den asteburutik.Lehenengoz, bi protoi-sorta jarri dituzte 27 kilometroko azeleragailuan kontrako zentzuan biraka, eta atzo lehenengo talkak detektatu zituzten azeleragailuaren detektagailuek.

"Lorpen handia da hain denbora gutxian hain urrun iristea" adierazi du CERNeko zuzendari Rolf Heuer-ek prentsa-oharrean. Iazko irailean martxan jarri orduko matxuratu egin zen, eta hamalau hilabete behar izan dituzte azeleragailua konpondu eta protoi-sortak abian jartzeko; baina hor daude lehenengo emaitzak.

Oraindik lehenengo probak baino ez dira; energia-maila txikian ari dira, 450 GeV-etan. Gabonetarako, 1.200 GeV-eko energiaz azeleratuko dituzte, eta 2010ean 3.500 GeV-etara pasatuko dira. Hori, oraindik, ustez lortu ahal izango duten energiaren erdia izango litzateke.

Guk iazko apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian jaso genuen nolakoa den inoizko azeleragailurik handiena, eta zer ikertuko duen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia