Lehen sinkrotroi europarra
1992/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehen sinkrotroi europarra izango dena Grenoble-n hasi dira eraikitzen. Sinkrotroi honen helburua mikroegiturak analizatzeko X izpi indartsuak sortzea da.
Sinkrotroiaren funtzionamendua honako hau da: partikula kargatuak, elektroiak edo positroiak adibidez, 850 m-ko zirkunferentzi luzera duen eraztun batean metatzen dira. Partikula hauek iman erraldoien bidez gidatu eta eremu elektriko alternoekin azeleratzen dira. Azeleratzen ari den partikula kargatu orok "sinkrotroi-izpi" deritzona emititzen du.
Grenoble-ko sinkrotroian sinkrotroi-izpiaren uhin-luzera atomoaren tamainaren antzekoa izango da. Beraz, egiturak angstrom bateko eskalan aztertzerik egongo da. Baina, izpi baten energia ez da gauza interesgarri bakarra. Aldi berean, potentzia handia beharko da. Sinkrotroi honetako X izpien fluxuak milimetro karratuko 25 watt beharko ditu; X izpi klasikoena baino 1.000 aldiz potentzia handiagoa beraz.
Argi hau sistema optiko konplexuetaraino eramango da eta hortik aztergai diren laginetara.
Proiektu honek hurrengo bi urteetan 2.500 pertsona erabiliko ditu, horietako 2.000 Europako estatu desberdinetako zientzilariak izango direlarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia