}

László Lovászek eta Avi Wigdersonek jaso dute 2021eko Abel saria

2021/03/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

laszlo-lovasz-eta-avi-wigderson-matematikariek-jas
László Lovász eta Avi Wigderson, Abel sariaren aurtengo irabazleak. Arg. Hungarian Academy of Sciences / Institute for Advanced Study, Princeton, NJ USA

László Lovászek eta Avi Wigdersonek jaso dute Abel saria, informatika teorikoari eta matematika diskretuari egindako ekarpen oinarrizkoengatik, eta horiek matematika modernoaren erdigunean kokatzeko egin duten lanagatik.

Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak azpimarratu duenez, László Lovász eta Avi Wigderson aitzindariak izan ziren 1970eko hamarkadan, matematika diskretuak informatikan aplikazio-eremu berri eta zabal bat izango zuela ikusten. Ordutik lan handia egin dute informatikarako algoritmoen abiadura eta eraginkortasuna ikertzen. Egun, algoritmoak eta Interneteko segurtasuna eguneroko kontuak ditugu; bada, Lovászen eta Wigdersonen lana funtsezkoa izan da arlo horretan.

László Lovászek (1948, Budapest, Hungaria) informatikaren oinarrietan egin duen lanaz gain, aplikazio zabala izan duten hainbat algoritmo ahaltsu garatu ditu. Horietan ezagunena LLL algoritmoa da; aplikazio nabarmenak izan ditu zenbakien teorian, kriptografian eta mugikorretako informatikan.

Avi Wigderson (Haifa, Israle, 1956) konplexutasunaren teoriari ekarpenik handiena egin dion pertsona da. Konplexutasunaren teoriak algoritmoen eraginkortasunarekin eta azkartasunarekin du zerikusia, eta teoria horretako problema garrantzitsuenak ikertu ditu Wigdersonek. Ekarpen hori funtsezkoa izan da, besteak beste, kriptografiarako eta kriptomoneten teknologiarako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia